CEAren 2016. urteko jardueren oroitza-txostena
> CEAren oroitza-txostena (PDF, es)
2016an CEAk aurrera jarraitu zuen ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazioko programa zabalarekin, erakusketen, ikastaroen, lantegien, hitzaldien, natur ibilbideen eta beste jarduera askoren eskaintza anitz eta askotarikoa mantenduta. Esaterako, Salburuko parkean eta Atarian 466 jarduera desberdin egin ziren (155 eskola programakoak eta jende ororentzako 305 programa irekikoak), eta horietan 30.000 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte.
Ingurumen kontzientziazioko jarduerarik berritzaileenetako bat Etxe Berdeak da. 2015. urtean ipini zen martxan, etxeetako kudeaketan aldaketak sustatu asmoz eta, horrela, bertako kontsumoak, fakturak eta aztarna ekologikoa murrizteko. Bigarren edizioan, 2016koan, parte-hartzaileen kopurua bikoiztu egin zen.
Mugikortasunaren alorrari dagokionez, 2016 urte garrantzitsua izan zen, bere ibilbidearen erdialdera iritsi den Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren bukatu den Bizikleta Mugikortasunaren Gida Planaren balantzea egin baitzen. Hiriko mugikortasuneko kanpo adituek bi planon ebaluazio dokumentu bat prestatu zuten, eta horrela, udalerriko mugikortasuna etorkizunera begira planifikatzen eta hobetzen laguntzeko informazio eta ezagutza oinarri zabal bat sortu zuten. Horrez gain, bizikleta istripuen azterlana eguneratu zen 2013-2015 tarteko datuekin, eta bi urte horietan bereziki oinezkoek jasan zituzten istripuak ere aztertu ziren.
CEAren Agentzia Energetikotik, 2016an udal mailako mahai bat jarri zen martxan udalaren eraikinak, etxebizitzak eta lokalen inbentarioa, energia ziurtagiriak eta ITEak gauzatzeko. Mahaiaren helburua da CEE eta ITEri dagokionez existitzen diren arauak betetzeko beharrezkoak diren kontserbazio, berriztatze eta irisgarritasun ekintzak modu planifikatuan egitea. Bestalde, udalaren ikuskaritza ekonomiko-energetikoa abiarazi zen (baita elkarte anonimoena eta erakunde autonomoena ere), modu zorrotz eta sistematikoan ezagutzeko ur eta energia hornikuntzak sortzen dituen kontsumoak eta kostuak, eta horren ondorioz, Klima Aldaketaren aurkako Borroka Estrategian markatutako helburuak betetzea errazteko.
2016an, SmartEnCity proiektuari esker, Koroatze auzoko birgaitze energetikorako lehen urratsak ematen hasi ziren. Proiektuak hainbat alorretan proposatu ditu ekintzak: hobekuntzak eraginkortasun energetikoan, 2.500 etxebizitza berriztatuz; espazio publikoa birgaitzeko neurriak; eta mugikortasun jasangarriko ekintzak. 2016an zehar zenbait informazio saio egin ziren, bai eta proiektuari buruzko erakusketa bat ere, eta prozesu parte-hartzaile bat abiarazi zen auzokideekin, ekintza zehatzak definitzeko. Horrez gain, Mugikortasun Iraunkorraren Europar Astea, 2016an, Koroatze auzoan egin zen, eta horren baitan Aldabe kalea oinezkoentzat bihurtzeko entsegua egin zen.
Nekazaritzako Elikagaien Estrategiaren markoan, beste parte-hartze prozesu bat egin zen herritarrekin eta nekazaritzako elikagaien sektoreko agenteekin, 2015ean egindako diagnostikoa balioztatzeko eta etorkizunean ekintza plan bat idazteko asmoarekin. Nekazaritzako Elikagaien Estrategia, bai eta Eraztun Berdeko baratzeak eta Basaldea ekimena ere, presente egon ziren urtean zehar egindako zenbait ekitalditan, esaterako Done Jakueko Nekazaritza Azoan, Elikaduraren Gizarte Topaketan eta Bionekaraban.
2016an CEAk lurzoru kutsatu eta narriatuak berreskuratu eta leheneratzeko ikerketa lanekin jarraitu zuen, besteak beste Gardelegiko teknozoruen proiektuarekin. Bestalde, hondakinen tratamendu plantatik datorren materialetik abiatuta lurzoru emankorra sortzeko proiektua egin zen, eta udalerriko zoruen kalitatea hobetzeko ikerlan berriak sustatu ziren, esaterako PhytoSUDOE europar proiektua. Aldi berean, Espazio Publikoaren eta Natur Ingurunearen Zerbitzuari laguntzen hasi zen CEA zenbait paisaia narriatu leheneratzeko lanetan. Testuinguru horretan, CEAk lehen aldiz antolatu zuen EHU/UPVren udako ikastaro bat, "Nuevas tendencias en restauración de suelos degradados: tecnosuelos y fitorremediación" deitua.
Gasteiz Hiri Azpiegitura Berdearen garapenaren baitan, Lakuabizkarran egiten ari diren lanei laguntzen jarraitu zuen CEAk. Proiektu hori 2015ean hasi zen, auzoko berdeguneen kudeaketa hobetzeko eta erabilerarik gabe zeuden zenbait lursail biziberritzeko.