CEAren 2014ko jardueren oroitza txostena
CEAren 2014ko jardueren oroitza txostena (gaztelaniaz)
2014an egindako ingurumen hezkuntzako jardueren artean nabarmentzekoak dira Eskolako Agenda 21aren baitan eskoletan mugikortasun aktibo eta autonomoa sustatzeko asmoz ikasleentzat egindako jarduerak. 2014-2015 ikasturteko Eskolako Agenda 21ak, 2015-2016 ikasturtean ere luzatuko denak, 23 ikastetxeren parte hartzea du, eta gai hori sakon ari dira lantzen.
2014ko abenduan Eraztun Berdeko ibilbideen gida berria argitaratu genuen. Azken urteetan Eraztun Berdeko bideen sarea asko handitu da, eta orain osorik bisita daiteke Eraztun Berdearen bira deritzon eta 30 km luze den ibilbide bati esker. Bira horretaz gain, gidak 10 ibilbide labur proposatzen ditu, eta haiek egiteko beharrezkoa den informazio praktiko guztia du, paseo bakoitzean aurkitu ahal ditugun elementu natural, paisajistiko eta kultural bakoitzari buruzko informazioa barne.
2014an CEAk lan ildo berria ireki zuen: nekazaritzako elikagaien plangintza. Helburua da kontsentsuzko estrategia bat eta ekintza plan bat prestatzea gasteiztarren elikagai sgurtasuna eta subiranotasuna bermatzeko, zirkuitu laburrak sustatuz eta, posible denean, ekoizpen ekologikoa bultzatuz.
Bestalde, 2014an bulkada handia eman zitzaion "Etorkizunaren sustraiak" ekimenari. Hari esker, 250.000 zuhaitz eta zuhaixka landatu nahi dira Eraztun Berdean (ale bat gasteiztar bakoitzeko), herritarren, enpresen, profesionalen eta parte hartu nahi duen edozein herritar erakunderen laguntzarekin. Proiektu honek BEST kalifikazioa erdietsi zuen hirietan bizi baldintzak hobetzeko praktika onak saritzen dituen Dubai 2014 nazioarteko sarien 10. edizioan.
CEAk ingurumen komunikazio eta informazioaren alorretan duen estrategiaren baitan 2014an garrantzia izan zuten beste lan batzuk bizikleta zirkulazioaren erregulazio berriaren zabalkundea, azpiegitura berdearen proiektua, eta Biltzar Jauregiaren ingurumen egokitzea izan ziren.