CEAk Vitoria-Gasteizko Herritarren Zientziako proiektua aurkeztu zuen Jasangarritasunerako Hezkuntzako Euskadiko IV. jardunaldietan
Azaroaren 26tik 28ra Jasangarritasunerako hezkuntzako Euskadiko IV. Jardunaldiak egin ziren Bilbon. CEAk "Herritarren Zientzia jasangarritasuna esparru lokalean bultzatzeko tresna gisa" komunikazioa aurkeztu zuen. Komunikazioan CEAk 2013an sortu zuen Herritarren Zientziako Parte-hartze Sarea deskribatzen du.
Herritarren Zientziaren sarearen xedea da ezagutza eta prozedura zientifikoak herritarren eskuetan jartzea, betiere modu aske, dibulgatzaile eta hurbilean, eta herritarrok natur ingurunearen babesean parte har dezaten. Egun ekimenak 4 kontserbazio programa ditu (orkideak, odonatuak, hegaztiak eta tximeletak) eta hiru jarraipen programa (mika, enara azpizuria eta espezie exotiko inbaditzaileak). Guztira 74 lagunek hartzen dute parte programotan.
Sarean parte hartzen dutenei esker, udalerriko biotaren ezagutza hobetzen ari da, bioaniztasun indizea eguneratzen ari da eta natur habitat eta populazioen kudeaketa egokia errazten ari da.
CEAren ordezkaritza tekniko batek aktiboki hartu zuen parte jardunaldietan, eta bi lan taldetan izan ziren, bata jasangarritasuna erakundeen kulturan txertatzeko moduei buruzko gogoeta egitekoa, eta bestea jasangarritasuna tokiko mailan nola sustatu landu zuena.