CEAk 'Txoriastea 2022' antolatu du, 'Hegaztiak dira nire pasioa' lelopean
Ohi bezala, Gasteizko Udalak Txoriastea antolatu du iraileko azken astean, hegaztien mundu zirraragarria ezagutaraztea helburu duen ekitaldia; gure bizitzako parte diren animalia horiek, gure ingurune naturaleko edozein txokotan aurkitu baitaitezke.
Horretarako, irailaren 26, 27 eta 28an TXORIASTEA ingurumen-zinemaren zikloaren bederatzigarren edizioa inauguratuko da. Zikloa arratsaldeko zazpi eta erdietan hasiko da Florida zinemetan eta oraingoan bi zuzendari eta musikagile bat izango dira bertan. Astelehenean, “Extremadura, paraíso natural de Europa” filma emango dute, eta haren zuzendari Carlos Pérezek parte hartuko du eztabaidan. Hurrengo egunean, Andoni Canela zuzendariaren abenturak biltzen dituen “Panteras” dokumentala emango dute. Bertan, Unai semearekin aske zeuden felino handien bila munduan zehar ibili zirenekoa kontatzen dute. Saio honetan Iván Iván Caramés izango da protagonista, filmaren jatorrizko soinu-bandaren konpositorea. Azken saioan, Amparo Garrido, “El silencio de queda” filmaren zuzendaria, aurkeztuko dute. Film horretan, ornitologia gustuko duen pertsona itsu baten istorioa kontatzen da, izaki hegodunen mundu hipnotikoa agerian uzten duena.
2022ko Txoriastearen programazioak hitzaldiei eskainitako egun bat ere izango du. Hala, ostegunean, SEO/BirdLifek Euskadin duen ordezkari Kiko Álvarezek solasaldia eskainiko du, erakundeak krisi ekologikoko testuinguru batean lan-aldi berri bati nola aurre egingo dion ezagutarazteko. Atarian izango da, arratsaldeko zazpietan.
Entomologiaren munduak hegazti intsektujaleen testuinguruan duen garrantzia dela eta, gaueko irteera bat ere antolatu da larunbaterako, Salburuako parkean iluntzean hegan egiten duten tximeleta espezie nagusiak identifikatzen eta ezagutzen ikasteko. Ekitaldia Zerynthia elkarteak egingo du.
Programari amaiera emateko, igandean Atarian jarduera ludikoa eta jai-girokoa garatuko da, udalerrian bizi diren hegazti-espezieak babesteko beharra sustatzeko, eta are gehiago, milioika hegazti gure zeruetatik igarotzen ari diren garai honetan.