CEAk Salburuko konektagarritasun ekologikoari buruzko ikerketa bat sustatu du
Salburuko hezeguneen leheneratzea hasi zenetik, ezinbesteko ikusi zen balio handiko urmael hauek inguruko ekosistema naturaletatik isolatuta gera ez zitezen saihestea. Inguruko errepide sarea eta hirian eraikitzen ari diren auzo berriak hesi handiak bihur daitezke Salburuko basa animalien populazioek Gasteiz mendietan edo Zadorra ibaian bizi direnekin harremanetan jar daitezen. Epe ertainean honek zenbait espezieren iraungitzea eragin dezake, batez ere mehatxurik handiena jasaten dutenena eta oztopo hauek hegan gainditzeko gai ez direnena (ugaztun lurtarrak, etab.) Espezierik mehatxatuenetakoen artean bisoi europarra dago: azken urteetan gutxienez 10 ale harrapatu eta hil dituzte autoz.
Hori dela eta, 2005. urtean zehar Salburuko hezeguneek bere inguruko naturguneekin duten konektagarritasun ekologikoa aztertzeko ikerketa bat egin da. Lanak erakusten duenez, datozen urteetan Errekabarri eta Zerio errekek eta Baltsaren Kanalak zeregin garrantzitsua izan dezakete konektore gisa, Santo Tomás eta Errekabarri errekek hiriak ekialdean izango dituen auzo berriez inguraturik geratzen direnean beren potentzialaren zati handi bat galduko baitute. Ikerketan hainbat jarduera planteatu dira naturguneak elkarlotzeko, autoek fauna harrapatu dezaten saihesteko eta eskualdeko ibilguetan, baso uharteetan eta heskaietan landaredia hobetzeko.