CEAk kanpaina bat jarri du abian hiriko zuhaitzen balioa nabarmentzeko
Kanpainan programatutako jarduerek (hitzaldiak, ibilbide gidatuak eta habia kutxen eraikuntza) hiriko zuhaitzen balioa nabarmentzea eta herritarrak zuhaitzen babes, kontserbazio eta mantenimenduan inplikatzea dute helburutzat.
> Kanpainaren webgunea
Kaleko zuhaitzak zaintzea Udalak eta herritarrek elkarlanean egin behar duten lana da. Udalak baldintza egokiak sortu behar ditu zuhaitzek ingurumen eta gizarte onura gehienak eman ditzaten, eta ondare baliotsu horren bideragarritasuna bermatuko dituzten mantenimendu eta berritatze politiken arduraduna da. Hala ere, zuhaitzen babes, kontserbazio eta mantenimenduak herritarren inplikazioa behar du. Zuhaitzek bizi kalitatean betetzen duten tokia ulertu behar dute herritarrek. Etengabeko jarduera behar da komunikazio, hezkuntza eta kontzientziazioa sustatzeko alor horretan, eta horrela zuhaitzen balioa aitortzeko, haien kontserbaziorako egiten diren ekintzen irizpideak ezagutarazteko eta herritarrak zuhaitzen babesean inplikatzeko.
Kanpaina hau Zaramaga eta Pilar auzoetako hiriko Zuhaiztien Kudeaketa Planaren barruan proposatutako neurrietako bat da. Oraindik idazte fasean dagoen plan horretan zuhaitz osasuntsu eta kalitatekoak edukitzeko irizpideak eta ekintzak definituko dira. Honako taldeak ari dira parte hartzen planaren idazketan: Bizigarri, Zaramagatarrak, Foro Zaramaga, Gure Auzune, Kiribilore, Ekologistak Martxan, Gaden eta Arabako Natur Institutua.
Kanpainan egiten ari diren jardueren artean, habia kutxak eraikitzeko lantegien helburua da zenbait hegazti espezierentzako babeslekuak sortzea hiriko zuhaitzetan, eta hiriko zuhaitzek faunarentzako aukera gune gisa betetzen duten tokiaren inguruko gogoeta egitea.
Bestalde, ekainaren 2an Marta Villotak "El árbol en la ciudad como elemento de identidad urbana" hitzaldia eman zuen Pilar gizarte etxean.
CEAtik jendea animatu nahi dugu #arboladoVGzuhaitzak traola erabil dezan Twitterren, gure hiriko ondare baliotsu horren adibideak erakusteko. Traol hori darabilten txioak CEAren webgunean erakutsiko dira.