CEAk eta Turismo Bulegoak bizikleta bideen plano berria argitaratu dute
2010ean CEAk Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera bidegorrien plano bat argitaratu zuen. Hiriak bizikletentzat duen sarea erakusten zuen, bai eta udalaren bizikleta erregistroari eta bizikletentzako aparkalekuei buruzko informazioa ere.
Oraingo honetan planoa udalaren Turismo Bulegoarekin elkarlanean argitaratu da. Hori dela eta, bizikletaren erabilerari buruzko informazioaz gain, gehien bat bisitarientzat pentsatutako Eraztun Berdeari buruzko informazioa ere aurkituko duzue bertan.
Bizikleta bideei dagokienez, planoak berak hiru motatako informazioa dakar: alde batetik, bizikletarentzako espezifikoki egokitutako bideak dituzten kaleak gorriz markatu dira; horrez gain, automobilen zirkulazio gutxi duten kaleak eta, beraz, esperientzia gutxien duten bizikleta erabiltzaileek ere galtzadatik eroso ibil daitezkeenak, laranjaz markatu dira; azkenik, Eraztun Berdean eta bere ingurunean txirrindulariek oinezkoekin espazioa partekatuz ibil daitezkeen bideak ere markatu dira.
Bestalde, bizikletak maileguan har daitezkeen tokiak eta bizikletak saltzen eta konpontzen dituzten dendak ere adierazi dira.
Maparen atzealdean, goian aipatutako Eraztun Berdearen informazioaz gain, mendiko bizikletaz egin daitezkeen zenbait ibilbideren mapa txikiago bat ikus daiteke. 2010eko planoan bezala, bizikletaz segurtasunez ibiltzeko eta lapurretak saihesteko hainbat aholku sartu dira.
Azkenik, taula txiki bat sartu da oraindik bizikletaz mugitzera animatu ez diren gasteiztarrek hiriko zenbait puntu ezagunen artean bizikletaz zenbat denbora behar den jakin dezaten.
Paperezko planoa Turismo Bulegoan eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eskura daiteke.