CEAk eta José Uruñuela udal dantza kontserbatorioak dantza eta natura batzen dituen bideo bat sortu dute Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzeko
Artea eta natura batu egin dira Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzeko, eta hiriaren inguruko parkeen sareak hiriko bizitzaren alor guztietan duen eragina erakusteko. Xede hori du Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak José Uruñuela dantza kontserbatorioarekiko lankidetzan atera duen bideoak. Eskolako 20 dantzari eta aparteko bi agertoki -Armentiako basoa eta Salburuko parkea- dira ikus-entzunezkoaren protagonista, zeinean Eraztun Berdearen irudi ezezaguna eskaintzen baita. Debussyren musika lagun, dantza klasiko eta garaikideko dantzariek koreografia egin dute Eraztun Berdearen erdian, espazioarekin elkarreraginez. “Armentiako basoa aukeratu dugu dantza garaikideko piezarako, eta Salburuko pasabideetako bat klasikorako; bi leku eta bi diziplina ezberdin, baino edertasun berekoak”, azaldu dute José Uruñuela dantza kontserbatorioko arduradunek.
Bideoa ekainean grabatu zen, eta udal eskolako ikasketa profesionaletako 3, 4, 5 eta 6. mailetako ikasleek hartu zuten parte. Parte-hartzaileek “bakana eta berritzailea” iritzi diote esperientziari, naturaren erdian dantza egiten zuten lehenengo aldia baitzen. “Horrelako sinergiek erronka berriei aurre egiten laguntzen digute. Gure mugimenduak espazioari moldatzen saiatu gara, eta emaitza benetan polita dela uste dugu”, azaldu dute.
Udal webgunean zein sare sozialetan ikusi ahalko da bideoa. “Gure asmoa da 25. urteurrenean Eraztun Berdea ikuspegi ezberdinetatik agerraraztea, ingurumenaz haratago hiri proiektu gisa duen balioa aintzat har dadin. Dagoeneko gure esentziaren zatia da, eta nortasuna ematen digu, hiriko pertsona eta sektore ororekin baitu harremana”, azpimarratu dute CEAtik.
Irailean artea eta natura batzen dituen beste bideo bat zabalduko da, Luis Aranburu udal musika eskolaren laguntzarekin grabatutakoa; eskola horrek ere 25 urte bete ditu aurten.