CEAk Elikaduraren Gizarte XV. Topaketa antolatu du jasangarriagoa den tokiko elikadura eta kontsumo arduratsuagoa bultzatzeko
Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Elikaduraren Gizarte XV. Topaketa antolatu du EBren hazkunde jasangarria eta integratzailea lortzeko estrategian aurrera egiten jarraitzeko. Topaketa irailaren 20tik 24ra bitartean egingo da Landatxoko gizarte-etxean, Olarizuko lorategi botanikoan eta Abetxukuko Urarteko baratzeetan. Bertako irin ekologikoekin egindako ogien dastaketa, nekazaritzako elikagaien birsorkuntzari buruzko konferentziak eta Gasteizen elikadura-sistema berria izatearen beharrari buruzko mahai-inguruak izango dira besteak beste.
Ekimena Europako Itun Berdearen baitan jasota dago. Horren helburua da elikadura-sistema jasangarriagoa bultzatzea eta, hala, ingurumeneko eta klima arloko aztarna, 2030. urtea baino lehen, % 55 gutxitzea.
CEAko presidenteak, Ana Oregik, nabarmendu duenez, “nekazaritzako elikagaien estrategia Gasteizko agendan sartuta dago elikadura-sistemen mundu mailako eragina eteteko bitartekoetako bat izan dadin. Urteak daramatzagu hori garatzen eta ibilbide luzea du aurrean. Topaketa hau 2007an egin genuen lehen aldiz eta horren helburua da jasangarriagoa den tokiko elikadura eta kontsumo kontzienteagoa eta arduratsuagoa sustatzea gure hirian. Ezinbestekoa da hiritarrak beren elikaduraren jatorrira gerturatzea eta tokiko gure ekoizleei dagokien balioa ematea.
Uztaren jaiak emango die amaiera topaketei Urarteko baratzeetan, Abetxukun. Bertan, ekoizleen azoka, kontzertuak eta herri-bazkaria egingo dira.