CEAk elikadura-jardunbide egokien gida baten prestaketan hartu du parte
2015 urtean, NBEk Garapen Jasangarriari buruzko 2030 Agenda onartu zuen, herrialdeek eta beren gizarteek pertsona guztien bizitza hobetzeko bide berri bati ekiteko aukera, inor atzean utzi gabe. Agendak 17 Garapen Jasangarriko Helburu (GJH) ditu. Helburu horien arabera, pobrezia desagerrarazteko, hazkunde ekonomikoa sustatzen duten estrategiak erabili behar dira, eta gizarte-premia batzuk landu behar dira, hala nola hezkuntza, osasuna, gizarte-babesa eta enplegu-aukerak. Aldi berean, klima-aldaketari aurre egin behar zaio eta ingurumena babestu behar da.
"Goserik ez izatea" 2. GJHak goserik gabeko mundu bat sortzea planteatzen du 2030erako, eta horrek, besteak beste, elikadura-sistemak eraldatzea eskatzen du, mundu inklusiboagoa eta iraunkorragoa lortzeko. Eraldaketa horrek administrazioek sustatutako aldaketa sistemikoak behar ditu, baina NBEk onartzen duen bezala, herritarrek beren bizitzan aldaketak egin ditzakete nekazariei edo tokiko merkatuei lagunduz eta elikagai iraunkorrak aukeratuz, guztientzako nutrizio ona defendatuz eta elikagaiak alferrik galtzearen aurka borrokatuz.
Gida hau Eusko Jaurlaritzak bultzatu du, Euskadin bizi garen pertsonei informazioa eta gomendioak emateko, gure zeregin aktiboa errazteko. BCC Innovation Basque Culinary Centerren gastronomiako zentro teknologikoa arduratu da gida egiteaz, ia 30 erakunderen lankidetzarekin. Ingurumen Gaietarako Ikastegiak ere parte hartu du gidan, bere helburu estrategikoetako batekin bat egiten baitu: tokian tokiko nekazaritzako elikagaien sisteman lan egitea, larrialdi klimatikoari aurre egiteko eta herritar guztientzako dieta nahikoak, jasangarriak eta elikagarriak eskuratzeko aukera ziurtatzeko, zirkuitu laburrak eta nekazaritza birsortzailearen praktikak bultzatzeari esker.