CEAk bizikletari lotutako Europa mailako proiektu berri bati ekin dio Alemania, Italia, Danimarka, Espainia eta Holandako bazkideekin
Naviki proiektua Intelligent Energy - Europe programaren barruan dago. Egitasmo honek energia modu arrazionalago eta adimentsuagoan erabiltzea bilatzen du Europa mailan.
Naviki Alemanian funtzionamenduan dagoen web aplikazio bat da. Orain hasten den europar proiektuan ideia hau hobetu nahi da eta bere erabilera Europa osora hedatu nahi da.
Proiektuaren helburua bizikletaren erabilera Europako hirietako mugikortasun elementu modura sustatzea da, bizikleten nabigazio, komunikazio eta plangintzarako interneteko Naviki plataforma baliatuz. Proiektuaren berrikuntzarik nagusiena erabiltzaileen partaidetza aktiboa izango da: nahi duen orok bizikleta azpiegituren inguruko informazioa txertatu ahal izango du sisteman, eta informazio hori administrazio publikoen, turismo erakundeen eta txirrindulari elkarteen datuekin integratuko da. Horrez gain, plataformak ibilbiderik onenak, seguruenak edo interesgarrienak erakutsiko ditu Europa osoan barrena.
Proiektu honek milaka europarren garraio moduetan aldaketa esanguratsua eragingo duela espero da, askok bere eguneroko joan-etorrietan automobil pribatua erabiltzetik bizikleta erabiltzera igaroz. Horren ondorioz, modu aldaketa honek energia aurrezpen garrantzitsua sortuko duela espero da.
Vitoria-Gasteizek 81.732 euro jasoko ditu Europar Batasunetik proiektu hau garatzeko. Horri finantziazio propioko %25 gehiago erantsi behar zaio, beraz Udalak guztira 108.976 euro erabiliko ditu lanak iraungo dituen 32 hilabeteetan.
Vitoria-Gasteizko Udala Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eskutik hartzen ari da parte proiektuan. Beste bazkideak hauek dira: Münsterreko (Alemania) Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea, Climate Alliance, Bide Berdeen Europar Elkartea, Holandako Mobycon enpresa, Erromako "La sapienza" unibertsitatea, Danimarkako Txirrindularien Elkartea, Espainiako Trenbideen Fundazioa eta Danimarkako VisitEastDenmark turismo bulegoa.