CEAk berrikuntzara bideratzen duen jarduera Gasteiz jasangarriagoa eta erresilienteagoa lortzeko bilaketarekin lotuko du
Borja Rodríguez zinegotziak legealdirako bere programa aurkeztu zuen irailaren 12an. Jasangarritasunarekin, klimarekin eta energiarekin lotutako programa bat azaldu zuen. “Gero eta garbiagoak diren” energiak kontsumitu ahal izateko herritarren inplikazioa behar-beharrezkoa dela azpimarratu nahi izan zuen. Horrez gain, “udal-eraikinetan eta -instalazioetan energia berriztagarriak hedatzen eta horien eraginkortasun energetikoa eta jasangarritasuna hobetzen jarraitu” beharra dagoela azpimarratu zuen.
Rodríguezek gogorarazi zuen Gasteizek Europako bi misiotan -Hiri adimentsuen eta karbonoan neutroak diren 100 hirien Misioa (2030) eta Klima Aldaketara Egokitzeko Misioa- parte hartu izanak duen garrantzia.
Hiri jasangarriagoa eta erresilienteagoa lortzeko bidean, Rodríguezek Ingurugiro Gaietarako Ikastegia (CEA) nabarmendu zuen, eta bere jarduera “klima ekintzaren erronkari eta karbonoan neutroa izango den Gasteiz bat lortzeari lotuta egon dadin”.
Hori dela eta, bost helburu estrategiko landu beharko dira. Horiek CEAren lan-ildoak markatuko dituzte gai hauen inguruan: “Mugikortasuna, azpiegitura berdea eta lurraldea, herritarren aktibazioa, nekazaritzako elikagaien sistemak eta materialen zirkulartasuna”.
Azken horri dagokionez, Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 2030eko udal-estrategiaren esparruan CEAk egindako lana azpimarratu zuen, “materialen balioa ekonomian ahalik eta denbora luzeenean atxikitzeko eta, hondakinak gero produkzio-sisteman berriro sartzeko asmoz hondakinen kudeaketan berrikuntza sustatzeko”.