eues

Albistea

CEAk 9 hitzarmen sinatu ditu Arabako beste horrenbeste elkarterekin, 2013an Atarian jarduerak antolatu eta iraunkortasun balioak zabaltzeko

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren lehendakari Idoia Garmendiak bederatzi lankidetza hitzarmen sinatu ditu gaur Arabako beste horrenbeste elkarterekin, Ataria Salburuko hezeguneak interpretatzeko zentroaren urteko agendan zenbait jarduera gara dezaten.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak ingurumenaren alorreko heziketa programa berezia garatu du aurten, gobernuz kanpoko bederatzi elkarte horiekiko lankidetzan ikasketa eta lanbide maila guztietarako prestakuntza jarduerak eskaintzeko. Hartara, herritarren artean ingurumenaren alorreko informazioa, sentsibilizazioa eta hezkuntza sustatzen eta green balioak zabaltzen jarraitu nahi du CEAk, eta 2012. urteko jardueren arrakastari jarraipena eman.

Zehazki, elkarteek Atariaren udaberriko agendako hainbat jardueratan parte hartzen dute, bai eta ondorengo hilabeteetakoetan ere.

Hitzarmena sinatu duten erakunde guztiek aho batez azpimarratu dute prestakuntza eta zabalkunde jarduerak sustatzearen beharra, Gasteizko herritarrek ingurumena egoki ezagutu dezaten eta garapen iraunkorraren bidean aurrera egiten laguntzen duten jarrerak eta gaitasunak indartzeko.

Elkarte hauek sinatu dituzte hitzarmenak:

1.- "Asociación de Amigos del Museo de Ciencias Naturales de Álava - ALAVESIA"; ordezkaria: Gustavo Renobales Scheifler. Arabako Natur Zientzien Museoaren helburu eta jardunekin lotutako kultura eta zientzia ekintzak sustatu eta laguntzea da elkartearen asmoa, eta museoaren helburuaren eta jardunen aldeko jarduerak garatzea. Adibidez: Arabako Natur Zientzien Museoari buruzko erakusketak, sustapenak, argazkiak eta lantegiak.

2.- "Sociedad de Ciencias Aranzadi"; ordezkaria: Juantxo Aguirre Mauleón. Irabazi-asmorik gabeko entitate horrek natura eta giza ingurunearekin lotutako arazoak eta gaiak ikertu eta ezagutzeko helburua du, bai ezagutza hutsari bai aplikatuari dagokienez, eta horien emaitzak zabaltzea.

3.- "Ekologistak Martxan Araba"; ordezkaria: José Antonio Bustillo Arias. Elkartearen estatutuen arabera, ingurumen arazoekin lotutako aldaketak eta konponbideak proposatu eta eztabaidatzerakoan gizarteak parte hartze handiagoa izan dezan bultzatu nahi du, eta alor horietan diharduten pertsona edo erakunde publiko eta pribatu ororekiko lankidetza sustatu, bereziki lurraldearen zaintza eta ingurumen boluntarioak baliatuz.

4.- "Grupo Alavés para la Defensa y Estudio de la Naturaleza (GADEN)"; ordezkaria: Diana Paniagua. Elkarte horrek natura eta biodibertsitatea aldeztu eta ikertzea du helburutzat. Ingurumen baliabideen babesa eta defentsa ezarri, sustatu eta eguneratzeaz arduratzen da gehien bat, animalien eskubideen defentsa barne. Gainera, alor horietan diharduten pertsona edo erakunde publiko eta pribatu ororekiko lankidetza sustatzen dihardu, bereziki lurraldearen zaintza eta ingurumen boluntarioak baliatuz. 

5.- "Instituto Alavés de la Naturaleza / Arabako Natur Institutua (IAN-ANI)"; ordezkaria: José Luis Albalá, lehendakariordea. Natura ingurunearen ikerketa eta ezagutza sustatzea du helburutzat, bai ezagutza hutsari bai aplikatuari dagokienez, ikerketen emaitzak zabaltzea, eta natura ondarea babestu eta kontserbatzea, erakunde eskudunekiko lankidetzan, natur baliabideak zentzuz erabil ditzagun, eta horretarako harremanak lotzen ditu beste elkarte edo entitate publiko zein pribaturekin.

6.- "Asociación Naturesfera"; ordezkaria: Javier López de Luzuriaga. Elkarte horrek natur ingurunea hobeto ezagutzeko ikerketa zientifikoak egitea du helburutzat, eta herritarren artean ezagutza zabaltzeko jarduerak egitea, ingurumenaren eta biodibertsitatearen kontserbazioa sustatzearren.

7.- "Orixol Natura Ikerketa Babesa Elkartea"; ordezkaria: Sofía Fonseca Gutiérrez. Estatutuen arabera, natur ingurunea ikertu, aldeztu eta babestea da elkartearen helburua, bai eta ingurumen alorreko zabalkundea eta heziketa ere.

8.- "Sociedad Astronómica de Álava / Arabako Astronomia Elkartea"; ordezkaria: Alberto Ancin Sáenz de Navarrete. Gure probintzian astronomiaren ikerketa sustatu eta zabaltzea du xede, zaleen artean zein haur eta gazteen artean, eta ikerketa, behaketa eta zabalkunde jarduerak garatzea, elkartearen beraren ezaugarriak garatze aldera.

9.- "Asociación Fotografía y Biodiversidad"; estatutuen arabera, biodibertsitatea ikertu, ezagutu eta zaintzea da elkartearen helburua, eta horretarako,"Biodibertsitate birtualeko plataforma" jartzen du denon eskura: informatika tresna horrek gure ingurua ezagutzen laguntzen digu, eta doakoa da.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala