eues

Albistea

CEAk 55.000 euro bideratuko ditu bizikletaz seguru eta arduraz zirkulatzeari buruzko ikastaroak emateko 1.200 ikasleri

CEAk 55.000 euro bideratuko ditu, 2016-2017 ikasturtean, Gasteizko 1.200 ikasleri bizikletaz seguru eta arduraz zirkulatzeari buruzko lantegiak emateko. Prestakuntza ekimen honek bizikletaren erabilera sustatu nahi du, garraiobide iraunkorra den aldetik, eta hiriko kaleetan bizikletekin sortzen diren arazoak arindu. Argi egokiak eta lapurreten aurkako gailuak erabiltzeko beharraz jabetzeko lantegiak ere antolatuko dira. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Estatuan aitzindari den metodologia propioa erabiliko du horretarako. Lantegi hauek ohikoak dira Europako lurraldeetan, Erresuma Batuan eta Belgikan, esaterako. Ekimenak aurreko ikasturteetan egindako lanei jarraipena ematen die.

Seguru zirkulatzeko ikastaroetako parte hartzaileek trafikoaren gorabeherak balioesten eta ohiko joan-etorriak bizikletaz egiteko ibilbideak diseinatzen ikasiko dute. Praktikoak izango dira, eta bi fase izango dituzte: lehenengoa, trafikorik gabeko eremu itxi batean egingo dute, bizikleta kontrolatzen eta oinarrizko maniobrak adierazten ikasteko; bigarrena, ikastetxetik gertu dagoen trafiko lasaitua duen kale batean egingo da. Bigarren fase horretan honako maniobrak praktikatuko dira: bidera sartzea, bide-gorrietatik eta partekatutako erreietatik zirkulatzea, bide-gurutzeak, desbideratzeak. 10 orduko ikastaroa da, bizpahiru saioetakoa, eta Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzenduta.

Orobat eskainiko da bizikletak konpontzeko eta segurtasun gailuak erabiltzeko lantegia, neska-mutilak argiak eramateak, bizikleta egoera onean eta lapurreten kontrako gailuak erabiltzeak duten garrantziaz sentsibilizatu daitezen. Ikastaro hauek praktikoak izango dira, 3 ordukoak, DBHko bigarren zikloko, batxilergoko eta prestakuntza zikloetako ikasleei zuzenduta. Lehen fasean beren bizikleten egoera baloratzeko gauza izan daitezen beharrezko prestakuntza emango zaie ikasleei (zelaren eta eskulekuen altuera eta finkatzea, pneumatikoen presioa eta egoera, balaztak, aldagailua, etab.), eta beren bizikletetan konponketa sinpleak egiten (balaztak, kateari koipea ematea, etab.) irakatsiko. Bigarren fasean, hainbat argi-sistema erakutsiko zaizkie ikasleei, kalitate eta prezio desberdinekoak, eta bizikletetan nola instalatu erakutsiko zaie. Horretaz gain, lapurreten aurkako zenbait sistema ere erakutsiko zaizkie, baita bizikletak nola ondo lotu ere.

Gasteizko Udalak bizikleta sustatzen du garraio iraunkor gisa, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren eta Ziklisten Mugikortasunaren Gida Planaren baitan. Egun, mugitzeko benetako aukera bihurtu da bizikleta. Joan-etorrietarako gehiago erabiltzeaz gain, bizikleta sustatzeko politikek ere berekin ekarri dute bizikleten eta gainerako garraiabideen arteko liskartxoak, bereziki oinezkoekin.

Bizikletak mugitzeko aukera gisa erabiltzearen ondorioz sortutako istilu horiek arintze aldera, azpiegitura eta kultura alderdiak sakondu behar dira: Azpiegiturei dagokienez, bidegorriak, trafikoa lasaitzea, aparkalekuak; Kultur arloari dagokionez, berriz, bizikletaren kultura sustatzea, segurtasun arloko sentsibilizazioa eta seguru era arduratsu zirkulatzeko prestakuntza.

Ikasleena da bizikleta erabiltzen hasi den talderik handiena, eta erabiltzaile kopuruak gora egiten jarraitzen du. Horregatik, eta ikastetxeetan prestakuntza lantegien bidez hainbat alderdi lantzeko aukera baliatuta, ikasleei bizikletan seguru zirkulatzeko prestakuntza-lantegi hauek antolatzeko aukera eskaini zaie ikastetxeei (familiek eta ikastetxeek maiz eskatzen dute halakorik).

Lehenengo urratsa bizikleta ondo kontrolatzea da, baina horretaz gain, bizikletaren erabilera arduratsua landu beharra dago: gainerako ibilgailu eta oinezkoekiko errespetua, ondo erabiltzeko autonomia nahikoa izatea, ikasketan sakontzea (praktiko zein teorikoak) eta praktikan sor daitezkeen arazoei aurre egiteko gaitasuna garatzea. Ekimenak ikasleek bizikletaz modu seguru eta arduratsuan zirkulatzeko aukera emango dieten hainbat trebetasun eta ohitura bereganatzea du xede. Azken finean, ikasleei trafikoaren gorabeherak balioesten irakastean, eta eguneroko joan-etorriak bizikletaz egiteko ibilbideak diseinatu eta praktikan jartzean datza.

Haurra maniobra bat egiten bizikletarekin

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala