Albistea

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak 60 jarduera aurkeztu ditu 2025eko udazkenerako

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA) 2025eko udazkenerako jardueren agenda aurkeztu du. Guztira, urritik abendura bitarte 60 proposamen eskainiko ditu Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroan (Ataria) eta Olarizuko Lorategi Botanikoan.

Olarizu

Olarizuko Lorategi Botanikoa ikusgarria izaten da urte-sasoi honetan. Bere edertasunaz gozatzeko, aukera paregabea da CEAk antolatutako bi ibilbideetan parte hartzea. Lehena lorategiaren mendebaldean egingo da, zuhaitz hostoerorkorrek zimeltzen direnean zer kolore hartzen duten ikusteko. Bigarrena baso mediterraneoetan barrena izango da, oporretako uneak gogoratzeko edo etorkizunean bisitatu nahi ditugun eskualdeak planifikatzeko. Bukaeran, Etxaldea bisitatuko dute bertaratzen direnek.

Programa horren esparruan, SEO/BirdLifek hiru hitzaldi eskainiko ditu: berriztagarriei eta biodibertsitateari buruzkoa, Gasteizko Eraztun Berdeko hegazti arrunten jarraipena egiteko programa (bertan, udalerriko hegazti arruntenen egoera ezagutzeko aukera izango da) eta lurraldearen zaintza (akordio boluntarioetan oinarritutako aukera).

Bestalde, Euskadiko Hazien Sareak Etxaldeko ateak irekiko ditu ostiraletan, urriaren 3an, azaroaren 7an eta abenduaren 12an, bere lantokia, haziak eta martxan dauden proiektuak erakusteko.

CEAk, halaber, aukera ematen du Lorategian perretxiko eta sendabelarren bila ibiltzeko, tximeleten mundua ezagutzeko, haritzaren anatomiaren bidez bizitzaren zuhaitza marrazteko eta Ginkgo biloba zuhaitz fosil bizidunaren munduan barneratzeko.

Lantegi ugari izango dira, eta parte-hartzaileek zianotipiaren argazkigintza teknikarekin esperimentatu, arnasbideetarako baltsamo bat egin, zume biziko lorontziak sortu eta oihaletan landareak eta loreak estanpatzen ikasi ahal izango dute besteak beste.

Familiek agenda propioa izango dute eta era askotako jarduerak egiteko aukera izango dute: Lorategian geratuko diren obra iragankorrak sortuko dituzte aire zabaleko lantegi batean, eta beste batean, aldiz, Eguberriei artisau ukitua ematen ikasiko dute pinaburuak, adarrak eta hostoak erabiliz koroak, girlandak eta zintzilikarioak eginda.

Ataria

Hiruhileko honetako hitzaldi zikloan zientziatik hasi eta jasangarritasunera arte era askotako lanak jorratuko dituzte. Besteak beste, gai hauek landuko ditu zikloak: euskal industriak nazioarteko espazioko misioetan duen presentzia, intsektuek zineman duten imajinarioa, 2026ko eguzki eklipsea eta elikadura kontzientea.

Lantegiek naturarekin harremanetan ikasteko eta esperimentatzeko espazioak eskainiko dituzte, ilustrazioan, astronomian edo hegaztien behaketan oinarritutako proposamenekin, besteak beste. Gainera, irakurketa klubak ekologiaren eta ingurumen pentsamenduaren inguruko saioak egingo ditu hilero, Krelia elkartearen eskutik.

Irteera naturalistikoek lurraldeko paisaia berezienetako batzuk ezagutzeko aukera emango dute. Udazkena marrualdiaren garaia da, eta Salburuan zehar ikuskizun natural horretaz gozatzeko aukera izango da goizaldean eta ilunabarrean. Halaber, Izki, Aizkorri-Aratz eta Gasteizko Mendietan zehar ibilbideak programatu dira. Salburuko hegaztiei buruzko jarduera igandero egiten jarraituko da, 09:30ean, Los Fresnos behatokitik.

Familientzako jarduerek leku nabarmena beteko dute, eta elkarrekin ikasteko eta gozatzeko diseinatutako proposamenak izango dira. Arrastoei, aztarnei, hegaztiei, izarrei edo emozioei buruz hitz egingo dute, eta material birziklatuekin lan egingo da, Gabonetako koroak edo soinudun postalak sortzeko. Gainera, hiruhilekoko bi data seinalatu ere ospatuko dira: Halloween eta Gabonak. Horietan, naturatik eta jasangarritasunetik abiatuta, bi jai horiek ospatu ahal izateko lantegi sortzaileak egingo dira.

Bi jarduera berezik osatuko dute agenda. Urrian, Ilargia Behatzeko Nazioarteko Gaua izango da Atarian, eta teleskopioak jarriko dira publikoaren eskura. Abenduan, bisita gidatuen bidez Salburuako ekosistema ezagutzeko aukera eskainiko da.

Erakusketei dagokienez, bi egongo dira ikusgai. Urrian, ‘ArabaClick’ erakusketa inauguratuko da, Revelare kolektiboak antolatutako lehiaketa herrikoian hautatutako argazkiekin. Eta azarotik aurrera, María José Lojo Escalanteren lanak naturarekin lotutako emakumezko irudiek osatutako unibertso artistikoan murgiltzera gonbidatuko gaitu.

Izena emateko epea irailaren 26an hasiko da. Atarian, gizarte-etxeetan, 010 telefono-zenbakian eta udalaren webgunean eman daiteke izena.

Agenda web formatuan

Agenda PDF formatuan

Interesa dakizuke