CEA Europa mailako urbanAPI proiektuan ari da parte hartzen, Alemania, Austria, Bulgaria, Erresuma Batua eta Bulgariako erakundeekin elkarlanean.
urbanAPI proiektua Europa mailako ekimen bat da, eta bere xedea hirigintzako politikak modu egokiagoan aplikatzeko baliagarriak izando diren tresna interaktiboak garatzea da.
Vitoria-Gasteizko Udalak Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez hartzen ari da parte proiektu honetan. Proiektuaren liderra Alemaniako Fraunhofer Institutua da. Horrez gain, beste partaideak hauek dira: West of England Unibertsitatea (Bristol, Erresuma Batua), Austriako Teknologia Institutua (Austria), GeoVille enpresa (Austria), AeW enpresa (Italia), Garapen Iraunkorrerako eta Eurointegraziorako Agentzia (Bulgaria), eta Viena (Austria) eta Bolonia (Italia) hiriak.
Proiektua 2011ko irailaren 1ean hasi zen eta 36 hilabetez (3 urte) garatuko da. Guztira CEAk 71.720 euro jasoko ditu Europar Batasunetik.
Proiektuan 3 aplikazio garatu nahi dira. Vitoria-Gasteizko Udalak horietatik bitan hartuko du parte.
Hiri plangintza parte-hartzailea, 3D eszenatokien sortzaile bat erabiliz
Ahalik eta errealistenak diren 3D eszenatokiak garatzea da xedea, paperezko edo 2Dko mapak abstraktuegiak iruditzen zaizkien pertsona eta teknikariei hiria eta hirigintza hobeto ulertzen laguntzeko, eta hirian etorkizunean gerta daitezkeen aldaketak albait ondoen irudika ditzaten.
Hiri azpiegituren erabileraren ezagutza komunikazio mugikorren lokalizatzaile baten bidez
Aplikazio honek telekomunikazio enpresek hornitutako mugikorren datu anonimoak erabiltzen ditu herritarrek egiten dituzten joan-etorrien ereduak eraikitzeko. Anonimotasuna mantentzen da, proiektu honen eskalak ez baititu behar kokapen zehatzak, baizik eta informazio esanguratsua eskaintzen dituzten datuak. 100 eta 500 metro arteko sare bat erabiliko da.
Modelizazio honek joan-etorri ohikoenak eta hirian dauden erakarpen eta aldentze puntuak zeintzuk diren jakiteko balioko du, eta horrela, herritarrek administrazio publikoak eskaintzen dituen oinarrizko zerbitzuetara iristeko aukerak hobetuko dituzten plangintza erabakiak hartu ahal izango dira. Era berean, autoen zirkulazioaren eta oro har mugikortasunaren fluxuak ezagutu ahal dira, eta horiek hobetzeko erabakiak hartu ahal dira.