CEA eta Vital Kutxa, 4 urtez lankidetzan ingurumen hezkuntzako alorrean
Laugarren urtez, CEAk eta Vital Kutxak hitzarmen bat sinatu dute garapen iraunkorrerako ingurumen hezkuntzako jardueren alorrean lankidetzan aritzeko. Hitzarmen honek jarraipena eta egonkortasuna ematen dio bi erakundeok finkatutako lankidetza markoari.
Hitzarmenaren bitartez, Vital Kutxak 240.000 euroko ekarpena egingo du 2006. urtean zehar jarduerak egiten laguntzeko.
Aurtengo proiekturik nabarmenena Salburuan egingo da eta "Vitalaren ibilbideak, ibilbide bitalak" deituko da. Ekimen honen funtsa ibilbide autogidatuak izango dira: naturgune honetako aukerak aprobetxatuz, bioaniztasunaren inguruko hainbat alor jorratuko dira, hala nola, landaredia, hegaztiak, anfibioak, narrastiak edo ornogabeak. 2006an landarediaren ibilbidea (ibilbide berdea) eta hegaztiena (ibilbide urdina) garatuko dira. Bi ibilbide hauei buruzko liburuxkak prestatuko dira eta parkeko hainbat puntutan interpretazio eta informazio seinaleak jarriko dira.