Eusko Jaurlaritzak abuztuaren 12ko eguzki eklipsearen behaketa arduratsu eta segurua sustatzeko sortu duen kanpainarekin bat egin du CEAk

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak bat egin du abuztuaren 12an izango den eguzki eklipse osoaren behaketa segurua eta mugikortasun arduratsua sustatzeko Eusko Jaurlaritzak sortu duen informazio kanpainarekin.
"Eklipsea ikusteko lekurik onena zu zauden lekua da" lelopean, kanpainak gogorarazten du eklipsea Euskadi osotik ikusiko dela eta ez dela beharrezkoa joan-etorriak egitea aparteko gertaera astronomiko horretaz gozatzeko. Alferrikako bidaiak saihestuz, aglomerazioak murriztuko dira, bide segurtasuna hobetuko da eta joan-etorri masiboei lotutako ingurumen inpaktua minimizatuko da.
Planteamendu horren ildotik, CEAk ez du behaketa puntu zehatzik gomendatuko. Gasteizko hiriak eta Eraztun Berdeak espazio ireki ugari eskaintzen dituzte eklipsea egoera ezin hobean ikusteko eta fenomenoaz eroso gozatzeko, etxetik gertu eta mugitu beharrik gabe.
CEAtik eklipsea modu seguruan behatzearen garrantzia gogorarazten nahi dizuegu. Ez da inoiz eguzkira zuzenean begiratu behar babes egokirik gabe, eta ez dira erabili behar eguzkitako betaurreko arruntak, erradiografiak, kristal ketuak edo etxeko beste metodo batzuk. Zuzeneko behaketa eguzki behaketarako betaurreko homologatuekin edo zeharkako proiekzio sistemen bidez bakarrik egin behar da.
Herritarrei eklipsea Gasteiztik nola igaroko den ulertzen laguntzeko, Arabako Astronomia Elkarteak simulazio interaktibo bat egin du, fenomenoaren faseak ezagutu eta aldez aurretik behaketa planifikatzeko.
Abuztuaren 12ko eklipsea ingurune hurbilenetik behatuz, modu seguru eta arduratsuan, esperientzia kolektibo hau mugikortasun jasangarriagoa eta naturguneen kontserbazioa bultzatuz bizi ahal izango da.