eues

Albistea

CEAk udaberriko jardueren agenda aurkeztu du

Jardueretan izena emateko epea martxoaren 26an hasiko da. Posible da izena hemen webgunean bertan ematea, edo bestela, Ataria, gizarte etxe edo kiroldegi batean egin dezakezue, edo 010 telefonora deituz.

Maiatz honetan Atariak biodibertsitateari, iraunkortasunari eta ingurumen-kontzientziari buruzko hitzaldi sorta bati hasiera emango dio, arlo horietan eztabaida interesgarriak sortzeko asmoz. Landuko diren gaien artean daude ehungintzak ingurumenean duen eragina, Gasteizko udalerriko biodibertsitatearen kontserbazioa, intsektuek ekosistemetan duten garrantzia, edo esnekien gaineko mito faltsu eta errealak.

Era berean, herritarren zientziako proiektuetan interesa duten pertsonak gaitzeko tailerrekin jarraituko dugu: orkideak, gaueko eta eguneko tximeletak eta odonatuak (deabruaren libelulak eta zalditxoak) identifikatzen ikasiko da. Talde horietako espezieak ezagutzen ikasiko da eta ingurumen-bioadierazle gisa duten garrantzia aztertuko da. Hegaztiak eta haien kantuak ere protagonista izango dira Atarian.

Landare erabilgarri eta sendagarrietan interesa duten pertsonak Olarizuko Lorategi Botanikora hurbildu ahal izango dira aingeru-belarra, asuna, lore jangarriak eta beste landare batzuk ezagutzeko. Atarian, berriz, hilero Krelia elkartearekin elkarlanean egingo den irakurketa tailerra hasiko da: naturari, ekologiari eta iraunkortasunari buruzko irakurgaiak landuko dira. Bestalde, natura ilustratzeaz gozatzen dutenek okil ertainaren eta nenufar zuri autoktonoaren xehetasunak ezagutu ahal izango dituzte.

Natur ibilbideen artean, nabarmentzekoak dira Lorategi Botanikoan egingo diren bisitak, Europako udaberriaz iparraldetik hegoaldera gozatzeko aukera emango dutenak, eta baita estrepei eta arrosei buruzko ibilbide tematikoak ere. Gainera, Arabako beste naturgune batzuetako ondare naturala ezagutzeko bisitak egingo dira: Gasteizko Mendiak, Izki eta Gorbeia bisitatuko dira, besteak beste. Azkenik, Salburua eta bertako hegaztiak behaketa-jardueraren potentzial guztiaz gozatzeko, ordutegia 09:30era aurreratzen da.

Familiako jarduerek adin guztietarako diseinatutako esperientziak eskainiko dituzte, hala nola intsektuen eta anfibioen bizi-zikloak ezagutzeko Metamorfosia tailerra, intsektuen hotelak eraikitzeko tailerra, txotxongiloak eta animaliak birziklatutako objektuekin egiteko tailerrak, landare-olinpiada bat eta beste hainbat jarduera.

Kontsultatu agendaren jarduera guztiak

Deskargatu agenda PDF formatuan
 

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala