Bukatu da Vitoria-Gasteizko I. Paisaiaren Hiri Foroa
'Periferiak: barrurantz, kanporantz' izenburupean ospatu diren I. Jardunaldi hauetan 150 lagun baino gehiago bildu ziren, maiatzaren 26tik 28ra. Nazioarteko adituen eskutik, lurralde antolamenduari, hirien hazkundeari eta hiri zein landa paisaiekin duten harremanari buruzko eztabaidak entzun ziren eta hainbat profesionalek paisaiaren alorreko proiektu berritzaileak aurkeztu zituzten.
Aldi berean, 'Hiri periferian egindako esku hartzeak' izeneko Ideia Lehiaketara aurkeztu ziren lanen erakusketa bat eratu zen. Jardunaldien itxiera ekitaldian lehiaketaren emaitza jakinarazi zen. 60 proposamen baino gehiago aurkeztuz lehiaketan parte hartu zuten unibertsitate ikasleen artean 14 lagun hautatu ziren.
Lehiaketaren irabazleek Paisaiaren Lantegi batean lan egin zuten uztailaren 8tik 15era, 'Zabalganeko hirizidorra' gaitzat harturik beren proposamenak lantzeko. Proiektu honen bidez Vitoria-Gasteizko hirigunea mendebaldeko auzo berriekin eta Jundiz industrialdearekin lotuko dituen oinezkoentzako eta txirrindularientzako zidor bat sortu nahi da eta, aldi berean, Armentiatik Zabalganeko parkerainoko lotura ekologikoak leheneratu nahi dira. Zenbait egunez gogor lan egin ondoren, ikasleek alkateari eta hedabideei aurkeztu zizkieten beren proposamenak.
Paisaiaren Hiri Foroaren esperientzia onaren ondoren, gertakizun hau bi urtero ospatzea aurreikusi da.