Bost bisoi europar kume jaio dira Salburuan espezie hau indartzeko egin den proiektu pilotuaren barruan
Bisoi europarra, katamotz iberiarrarekin batera, Europa mailan desagertzeko arrisku gehien duen haragijalea da. Duela urte batzuk espezie honek populazio gune garrantzitsua zeukan Salburuko ingurunean. Halere, espezie oso erasokorra eta inbaditzailea den bisoi amerikar exotikoaren agerpenak, larrugintzako etxaldeetatik ihes eginda, bisoi europarra ia desagertzeko puntura eraman zuen.
Egoera honen aurrean Ingurumen, Landa-gune eta Itsas Inguruetako Ministerioak, Arabako Foru Aldundiak eta CEAk, Espainia mailan espezie honetan dauden aditu nagusiekin batera eta Europako Bisoiaren Elkartean bildurik, desagertzeko zorian dagoen espezie hau berriz sartzeko eta indartzeko teknika egokien gaineko ikerketak abiarazi dituzte.
Lortzea nahi den helburua, jaiotzen diren kumeak txikitatik ingurune berrira egokitzea da, handitzen direnean, udazkenean, familia osoa askatu ahal izateko. Hala ere, lana ez da hemen amaitzen, bisoiei gailu igorle bat ezartzen zaie eta hilabeteetan zehar jarraipena egiten zaie, naturara nola egokitu diren, akatsak eta arazoak detektatzen dira eta hurrengo ekimenetan hauek konpontzen dira.
Izan ere, kaiolatan dauden emeen ugalketa frogatzeko azterketa eta kumeei txekeo osoa egin zaie (tamaina, sexua, osasun egoera eta abar). emeetako batek, Cueva izenekoak, 3 kume izan ditu (2 ar eta eme 1); besteak berriz, Bergasak, bi (ar 1 eta eme 1). Dena ongi ateratzen bada, udazken honetan hasiko dira animalia hauek Salburuan sakabanatzen, gainera ikertzen jarraituko da gure faunaren altxor natural honen eskakizunak hobeto ezagutzeko eta etorkizunean lagundu ahal izateko helburuarekin.