eues

Albistea

Bizikleten mailegu sistema berria esleitu da jadanik

Sistema berriaren bizikletak

Datorren udan martxan jarriko den eredua laugarren belaunaldiko bizikleta sistema da, garraio publikoaren sarea osatu eta sustatuko baitu, herritarrei eta bisitariei alokairuko bizikletak erabiltzeko aukera emanez.

"Mugikortasun sistema berri baten aurrean gaude. Benetako intermodalitatea ahalbidetzen duen garraio sistema integratu baten aurrean", baieztatu du Javier Maroto alkateak. "Espero dugu formula berri honekin garraio publikoaren eskaintza zein ibilgailu aldaketaren eskema osatzea eta erakargarriagoa bihurtzea, orain eskaintzen diren gainerako bitartekoei bizikleta gehituz. Gainera, egitasmoa guztiz bat dator Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren filosofiarekin".

Hain zuzen ere, sistema berria BAT txartelean sartzea aurreikusi da, denbora tartekako tarifen bidez. Urteko, asteko eta eguneko abonamenduak eskainiko dira, eta aldez aurretik bizikletak erreserbatu ahal izatea; ordutegia egunean gutxienez 20 ordukoa izango da, urteko 365 egunetan.

Sistemak guztira 450 bizikleta izango ditu. Bizikleta sendoak izango dira, diseinu zaindukoak, martxaz eta argi automatikoz hornituak. Gris metalizatuz pintatuko dira, sustatzaileen izena jartzerik izan dadin. Hiri osoan zehar 50 geltoki jarriko dira. Diseinu erakargarrikoak izango dira bizikletak, edozeinek erraz erabiltzeko modukoak, titanioz eta altzairuz eginak; gainera, oso finkagailu fidagarriz hornituta egongo dira. Bestetik, eramangarriak izango dira, energetikoki autonomoak (eguzki plaken bidez elikatuko dira) eta haririk gabeko konektagarritasuna ere edukiko dute. Sistema ezartzeko ez da obra zibilik egin beharko. Lapurretak eragozteko, segurtasun handiko torloju bereziak erabiliko dira, merkatuan aurkitzen zailak; hartara, bizikleta desmuntatu nahi bada tresna bereziak beharko dira.

Ezaugarri horiek agerian uzten dute nolako aldea dagoen bai sistema zaharrarekin, bai lehiaketan aztertu diren gainerako aukerekin eta une honetan Espainian erabiltzen ari diren gainerako sistemekin. Izan ere, Gasteizerako aukeratu den eskaintzaren kalitatearen seinale da sistema hori bera hautatu izana New York, Londres, Washington, Boston, Montreal zein Melbournen.

Moventia eta Prismaglobal aldi baterako enpresen batasunak kudeatuko du Gasteizko bizikleta publikoen sistema berria. Horretarako aukeratu den irtenbidea PBS deritzon irabazi-asmorik gabeko erakundeak garatu du; Stationnement de Montreal Montrealeko aparkaleku aginte gisa diharduen enpresa publikoaren mende dago hori.

15 lanpostu

Bizikleta publikoen sistema berriak zuzen funtziona dezan, aukeratu den enpresa batasunak 15 pertsonaren taldea osatuko du. Zerbitzua egunean gutxienez 20 orduz erabiltzea ahalbidetuko dute, urteko 365 egunetan, eta garraio publikoarekin operatiboki integratzeaz eta bizikletak banatu eta jasotzeaz arduratuko dira.

Alokairuko sistema automatizaturako ibilgailu ekologiko eta elektrikoak (zero emisioko teknologia dutenak) erabiliko dira: 3 furgoneta eta 2 bizikleta elektriko.

Geltoki guztietan bizikletak erabilgarri eduki ahal izateko banaketa lanak algoritmo matematiko baten bidez kudeatuko dira, horrek aurreikusiko baititu sistemaren beharrizanak.

Gainera, zerbitzua martxan dagoenean gune bakoitzeko ahalmenaren eta zenbatekoen jarraipena egingo da, banaketa planak benetako beharrizanei egokitzeko une oro.

*Dossierra (gaztelaniaz)*

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala