Bizikleten bidaiak planifikatzeko aplikazio berria du Vitoria-Gasteizko udalaren webguneak
2011ko azaroaren 3an argitaratua
Udalak bideratzaile berri bat sortu du hiriko puntu batetik bestera garraio publikoan, oinez edo bizikletaz joateko modurik egokiena zein den jakiteko. Bideratzaile hau udal webguneak mapak kontsultatzeko duen GEOVitoria-Gasteiz aplikazioaren barruan garatu da.
Bizikleta bideen kontsulta egitean mapa bat erakusten da, bai eta informazio gehiago ere: bidea egiteko zein kaleetatik igaro behar den, distantzia metroetan eta minutuetan hasieratik amaierara iristeko, bide horretan auto ez erabiltzeagatik igorri ez den CO2 kantitatea, eta bizikletaz egindako bidaian erre diren kaloriak.
Hainbat aldagai hartzen dira kontuan bidearen kalkulua egiteko. Vitoria-Gasteizko kale bakoitzari bizikletaz ibiltzeko erraztasun maila bat esleitu zaio, kale bakoitzak duen bidegorri motaren arabera, eta bizikletentzako biderik ez duten kaleen kasuan, bertatik ibiltzen diren motordun ibilgailuen kopuruaren arabera. Horrez gain, aldapa ere kontuan hartu da Erdi Aroko erdiguneko kalerik pikoenetan.
Bizikletentzako bide bat aurkitzeko, hurrengo urratsak jarraitu behar dira:
- GEO Vitoria-Gasteiz zerbitzura sartu.
- Maparen gainean saguaren eskuineko botoiarekin sakatu eta hautatu "Hemendik".
- Sakatu beste puntu batean eta hautatu "Hona".
- Modu lehenetsian, bideratzaileak garraio publikoz egindako bidea erakusten du.
- Ezkerreko zutabean, hautatu "bizikletaz", eta ondoren sakatu "nola iritsi" botoia. Ezkerreko zutabe horretan bidaiaren ezaugarriak agertuko dria: kaleak, denbora, distantzia, kaloriak, etab.
- Posible da hasierako puntua edo amaierako puntua mugitzea saguaren eskuineko botoiarekin.