Bizikleta Mugikortasunaren Gida Plana onartu da
Joan den astean Vitoria-Gasteizko Bizikleta Mugikortasunaren Gida Plana onartu zen Udalean. Plan honetan bizikleta bidezko mugikortasunari lotuta Udaletik datozen urteetan egin daitezkeen ekintzak zehaztu dira. Plan honen xedea da bizikleta garraiobide modura bultzatzea eta hiriko joan-etorrietarako automobil pribatuaren erabilera murriztea.
Plan honek bizikleta bidezko mugikortasuna hiriko gainerako mugikortasun moduekin integratu nahi du, bizikletarentzako azpiegitura egokiak garatzeko bidea ireki du, herritarrek bizikleta ohiko garraiobide gisa erabil dezaten sustatu nahi du, bizikletaren eta beste mugikortasun modu batzuen arteko gatazkak saihesteko eta konpontzeko neurriak proposatu ditu, eta herritarren parte hartzea sustatu nahi du bizikleta bidezko mugikortasunaren garapenean.
Plana hainbat programa operatibotan egituratu da, bizikleta bidezko mugikortasunaren alderdietako bakoitza modu espezifikoan garatzeko: araudia, azpiegiturak (bidegorrien sarea eta bizikleten aparkalekuak), bizikleta publikoa, bizikleten borondatezko erregistroa, parte hartzea, komunikazioa, kudeaketa eta kontrola.
Gida Plan honen azken helburua bizikletak Gasteizko hiri barruko joan-etorrietan garrantzi handiagoa izatea da. Planak jarraipen sistema bat dauka aldian-aldian bertan jasotako ekintzak zein neurritan bete diren ebaluatzeko eta Plana bere helburuetara doitzen ari den jakiteko.
Bizikleta Mugikortasunaren Gida Plana 2010-2015 (dokumentu nagusia) (gaztelaniaz, 9 MB)
Bizikleta Mugikortasunaren Gida Plana 2010-2015 (eranskinak) (gaztelaniaz, 8 MB)