Bisoi europarra berriro ugaldu da Salburuan
Aurreko urteetan ere susmatzen zen espeziea hasia zela berreskuratzen Salburuan eta Zadorra ibaian garai batean izandako lurraldea, baina 2021era arte ezin izan da baieztatu ugaltze arrakastatsurik aipatutako inguruan.
Gogoratu beharra dago bisoi europarra dela gure erantzukizun nagusia mundu mailako kontserbazioari dagokionez. Izan ere, munduko haragijale txikien artean mehatxatuentzat jotzen da gaur egun, eta estatu mailan “desagertzeko arrisku larrikotzat” sailkatuta dago.
Bisoi amerikarraren lehia da haren kontrako mehatxu nagusia, espezie exotiko basatu horrek lekua kentzen baitio jatorrizko espezieari. 2016an lortu zen espezie amerikarra desagerraraztea, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak zenbait urtez lan gogorra egin ondoren, “Life Lutreola Spain” proiektu europarraren barruan. Harrezkero, baldintza aproposak gertatu ziren Salburuan eta Zadorra ibaian garai batean izandako bisoi europarren populazio ugaria berreskuratzeko. Bizirik iraun zuen populazioa, ordea, oso urria zen, eta populazioa sendotzeko ekintzak bideratu behar izan ziren haien kopurua eta aniztasun genetikoa handitu ahal izateko.
Hartara, 2018az geroztik itxian hazitako 17 ale askatu dira Salburuan. Iraupena eta natur ingurunearekiko egokitzapena neurtzeko, aleei irrati igorgailu bana jarri zitzaien jarraipen indibidualizatua egiteko, eta lortutako emaitzak bisoi europarra berriro sartzeko orain arte gauzatu diren bi proiektu bakarretan —Estonian eta Alemanian— lortutakoen antzekoak izan ziren.