Biodibertsitatea mantentzeko Salburua babestearen garrantzia aldarrikatu du Gasteizek, 2020ko Hezeguneen Mundu Egunean
Hezeguneen Mundu Egunaren gaia biodibertsitatea da aurten. Gasteizek bat egingo du nazioarteko lelo horrekin, udalerriko hezeguneak aldarrikatuz —Salburua bandera-ontzia dela— eta horien erabilera jasangarria eta biodibertsitatea mantentzea sustatuz.
“Planetan biodibertsitatea galtzen ari da, zalantzarik gabe, eskura ditugun datu zientifikoek halaxe adierazten baitute. Espezieak inoiz baino arinago gutxitzen ari dira, erritmoa azkartzen ari da, eta klima-aldaketa okertzen. Joera horrek bereziki eragiten die ekosistema hezeetako espezieei. Hezeguneak lehengoratu, kontserbatu eta zentzuz erabiltzea biodibertsitate galera orokor hori geldiarazteko modu eraginkorrenetako bat da. Argi izan behar dugu irabazteko asko dugula hezegune osasuntsuak mantenduz eta hondatuta daudenak lehengoratuz", aldeztu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakari Ana Oregik.
Izan ere, azken kalkuluek erakusten dute biodibertsitatea gutxitzen ari dela mundu osoan, eta hezeguneak basoak baino hiru aldiz azkarrago desagertzen ari direla. “Aurtengo leloa aukera paregabea da hezeguneen biodibertsitatea, haien egoera eta garrantziaren zergatiak nabarmentzeko, baita horien galera alderantzikatzeko ere”, adierazi du Ana Oregik.
Jarduerak asteburu osoan
CEAk zenbait sentsibilizazio ekintza antolatu ditu egun hori dela eta. Ostiral gauean, baso-igel jauzkaria behatzeko natur ibilbidea egingo da. Interesa dutenak Salburuko hezegunean barnetaratu ahalko dira bertako espezie enblematiko eta mehatxatuenetako baten bila.
Larunbatean, "Hezeguneko biztanle sekretuak" jarduera ludikoa antolatu da Atarian, 5 eta 10 urte bitarteko umeek haiek ezagutu eta zaindu ditzaten; goizeko hamaika eta erdietan hasiko da. Arratsaldean, "Naturalistaren lantegia" izeneko jarduera egingo da leku berean, Salburuko hezeguneko biztanleen arrastoak ezagutzeko ariketa praktikoa.
Iganderako, otsailak 2, hiru ekitaldi antolatu dira Atarian: familientzako ginkana hezegunean barrena, Galemys enpresaren gidaritzapean; marrazketa lantegia 9 eta 12 urte bitarteko umeentzat, Pili Aguadoren eskutik, eta Salburuko hegaztiak behatzeko irteera bat, jende guztiarentzat.
Egun seinalatu horrekin lotutako jarduerei amaiera emateko, otsailaren 6an (osteguna), “EcoASTILLERO XXI, los humedales clave de un futuro de calidad” hitzaldia emango du SEO/BirdLife-ren Kantabriako lurralde ordezkari Felipe González Sánchezek. Astilleroko Udalak eta SEO/BirdLife elkarteak ingurumena lehengoratzeko eta udalerriko natur espezie eta giro ugariak babesteko sortu duten ekimenaz hitz egingo digu. Arratsaldeko zazpietan izango da, Atarian.
Ramsarreko Hitzarmenak 49 urte beteko ditu
Igandean, otsailak 2, 49 urte beteko dira Iraneko Ramsar hirian hezeguneak babesteko nazioarteko hitzarmena izenpetu zenetik. Nazioarteko hitzarmen hori (Ramsarreko Hitzarmena izenez ezagunagoa) berezia da, ekosistema jakin bat babesten duen munduko bakarra: hezeguneak, habitat bakanak baitira. Hala eta guztiz ere, Europa da azken 40 urteetan hezegune gehien galdu duen kontinentea. Horrexegatik aukeratu da "Hezeguneak eta biodibertsitatea" leloa aurten, ekosistema horiek biodibertsitatea mantentzen duten zeregin garrantzitsuaz ohartarazteko.
Hezeguneak biodibertsitatearen erreserborio aberatsak dira. Hona hemen garrantzi hori zenbaterainokoa den ulertzeko kopuru batzuk:
Planetako landare eta animalia espezieen % 40 leku hezeetan bizi edo ugaltzen direla kalkulatzen da.
Gaur egunera arte, ur gezako 100.000 espezietik gora dokumentatu dira planeta osoko hezeguneetan.
Ezagutzen diren arrain espezieen % 30 hezeguneetakoak dira, eta urtero ur gezako 200 espezie berri aurkitzen dira.
Zifrak beldurgarriak dira: 1970etik 2012ra bitartean, arrain, hegazti, ugaztun, anfibio eta narrasti espezieak % 58 gutxitu ziren mundu osoan; 1970az geroztik, kontinenteetako hezeguneetako espezieen % 81 gutxitu da, eta kostaldeko eta itsasoko hezeguneetako espezieen % 36; hezeguneetako espezieen % 25ek desagertzeko arriskua dute, uretako hegaztiak, ur gezaren beharra duten ugaztunak, itsas dortokak eta koralezko uharriak eraikitzen dituzten espezieak barne hartuta.