eues

Albistea

BioBlitz ekimena Atarian

2019ko uztailaren 13an, larunbata, eta 14an, igandea, herritarren zientziaren arloko jarduera bat egin nahi duten interesdun guztiek zentrora joan ahal izango dute, natura ezagutu, ikasi eta gozatzeko.

Prospekzio biologikoa egiteko jardunaldi bat —mundu osoan BioBlitz izenarekin ezagutzen dena— antolatu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Ataria Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentroaren inaugurazioaren hamargarren urteurrena ospatzeko.

Herritarren Zientziaren alorreko jarduera bat da, bizitza naturala deskubritzeko, non flora- eta fauna-talde desberdinak aztertzen dituzten zientzialariek Salburuko hezeguneetako —Gasteizko Eraztun Berdearen parte den eremu babestua—kontserbazio-eremu berezian bizi diren ahalik eta organismo bizidun gehien identifikatzen saiatuko baitira.

Taxon ezberdinetako zientzialari adituen talde baten eskutik, eta boluntarioek lagunduta —aldez aurretik ezagutzarik ez duten zaleak edo herritarrak—, ahalik eta espezie-kopururik handiena ezagutu nahi da, bai animaliak, bai landareak eta likenak, bidenabar, landa-laneko ikerketa-tekniken inguruan ikasiz.

Zer da BioBlitz bat?

Kolaborazio-ekitaldi bat da BioBlitza, jai girokoa, natura deskubritzera zuzendua, zeinen bitartez, 24 orduz, eremu jakin bateko organismo guztiak identifikatzen baitira.

Azken batean, herritarrentzako prestakuntza-, ezagutza- eta partaidetza-leku bat da BioBlitz bat, natura urbanoaren behaketa egiteko eta deskubritzeko interesa duten guztiei zuzendua.

Leku jakin batean ahalik eta espezie-kopururik handiena identifikatzea da helburu nagusia, urteko inbentario biologikoak egite aldera.

Noiz izango da?

Ikerketa naturalistaren arloko proiektu hori 2019ko uztailaren 13an eta 14an izango da, Salburuko parkean —adituen eta parte-hartzaile guztien artean arakatuko da—.

Non izango da?

Atariaren hamargarren urteurrena dela eta egingo den lehen edizio honetarako aukeratutako ingurune naturala Salburuko parkea izan da. Elkartzeko eta kokatzeko gunea interpretazio-zentroa bera izango da, oinarri-estazio bat jarriko baita bertan, boluntarioak elkartzeko lekua izango dena, eta orobat laginketa-lanei ekiteko abialekua. Errolden bilakaerari buruzko informazioa emango da bertan, denbora errealean.

Salburuko hezeguneetako kontserbazio-eremu berezia eta hegaztientzako babes bereziko eremua Gasteiz hirian dago. Biodibertsitate handiko zona bat da, klima atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko trantsizio-zonan baitago, eta, gainera, leku estrategikoa baita hegazti migratzaileentzat. 200 hektareako azalera du kontserbazio-eremu bereziak, eta Gasteizko Eraztun Berdearen parte da. Arabako Lautadaren parte handi bateko lurpeko akuifero kuaternarioaren fluktuazioek baldintzatuta daude hezeguneak. Habitatari dagokionez, ur-lamina zabala dago zona horretan, sahastiek, lezkadiek, larreek eta ongi kontserbatutako harizti txiki batek inguratuta.

Gasteiz hiriaren inguruko inbentario biologikoa zabaltzeko aukera aparta da, eta bertan dagoen biodibertsitate ezagutzera emateko.

Zertarako balio dute datuek?

BioBlitz honen helburu nagusietako bat hauxe da: bi egun horietan biltzen diren datuek biodibertsitatearen zerrenda bat egiten laguntzea. Izan ere, 2019ko BioBlitz jardu­naldiaren xedea da espezien aberastasuna ezagutzen laguntzea, eta orobat kontserbazio-eremu berezian eta hegaztientzako babes bereziko eremuan —eta bereziki Salburuko parkea hartzen duen azaleran— nola banatzen diren.

Era berean, beste zientzialari batzuek ere baliatu ahal izango dute deskribatzen diren espezien zerrenda, baita berdeguneen kudeatzaileek, politikariek eta herritarrek ere, biodibertsitatearen inguruko azterlan zehatzagoak egiteko. Horregatik, BioBlitz honen konpromisoa da datuak eskuragarri jartzea herritar guztientzat, eta, horretarako, Global Biodiversity Information Facility gordailu erabilienetako bat baliatuko da, Ornitho.eus plataforma.

Nola har dezaket parte?

BioBlitz zabalik dago parte hartu nahi duten guztientzat, dela beren kasa laginketak eginez, dela laginketa gidatuetakoren baten barruan. Laginketan parte hartzeko, aukeran hobe da aldez aurretik izena ematea, ataria@vitoria-gasteiz.org e-mailan.

Ataria zentroan bertan eratuko dira taldeak —laginketa bakoitza hasi baino 30 minutu lehenago bertan izatea gomendatzen da—. Eskaria handia bada, laginketa gidatuetako parte-hartzaileen kopurua mugatzerik izango dute antolatzaileek, nolako laginketa egin behar den aintzat harturik.

Zeren laginketak egingo dira?

Bi egunetan banatuta egingo dira talde taxonomiko desberdinen laginketak. Hauek dira laginketa gidatuen orduak:

1. Egutegia
Data Taxona Orduak Aditua E-posta
Uztailaren 13a Armiarmak 16:00-18:00 Alberto de Castro adecastro@aranzadi.eus
Uztailaren 13a Landareak 17:00-19:00 Agustí Agut aagut@vitoria-gasteiz.org
Uztailaren 13a Anfibioak 19:00-21:00 Conrado Tejado conradotejado@gmail.com
Uztailaren 13a Ugaztunak 21:00-23:00 Jonathan Rubines j.rubines@gmail.com
Uztailaren 13a Saguzarrak 22:00-24:00 Juan Tomás Alcalde jtalcalde@gmail.com
Uztailaren 13a Gaueko tximeletak 22:00-24:00 Fernando de Juana fdejuana@vitoria-gasteiz.org
Uztailaren 14a Hegaztiak 08:00-10:00 Gorka Belamendia gbelamendia@vitoria-gasteiz.org
Uztailaren 14a Arrainak 09:00-11:00 Mario Sáenz de Buruaga general@crnaturales.com
Uztailaren 14a Briofitoak 10:00-12:00 Patxi Heras / Marta Infante bazzania@arrakis.es
Uztailaren 14a Eguneko tximeletak 11:00-13:00 Ibón de Olano ideolano@externos.araba.eus
Uztailaren 14a Odonatuak 12:00-14:00 José Antonio Gainzarain j.gainzarain@gmail.com
Uztailaren 14a Narrastiak 13:00-15:00 Elena Potes conradotejado@gmail.com

Zein dira adituak?

Hauek dira prospekzioa egingo den taxonetako bakoitzeko espezialistetako batzuk, BioBlitz honen arrakasta ahalbidetuko dutenak:

Agustí Agut

Agustí Agut

Gasteizko Udaleko Ingurumen Saileko Eraztun Ber­dearen eta Biodibertsitatearen Ataleko teknikaria Olari­zuko lorategi botanikoko (Gasteiz) bildumen kontserba­tzailea eta bertako Germoplasma-bankuaren arduraduna.

Alberto Castro

Alberto Castro

Biologian doktorea, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Entomologia Departamentuko ikerlaria. Artropodoen kon­tserbazioari —batez ere, armiarmak, kakalardo saproxili­koak eta odonatuak— aplikatutako biologian eta ekologian jardun ohi du. Doktoratu osteko ikerlaria izan da Estatu Batuetan, eta Ekuadorreko Unibertsitateko irakaslea. Grupo Ibérico de Aracnología taldeko kidea.

Conrado Tejado

Conrado Tejado

Arte Ederretan lizentziaduna eta herpetologoa. Herpeto­logiaren dibulgatzailea eta bultzatzailea Araban. Espezie autoktonoei eta exotikoei buruzko hainbat argitalpen zienti­fikoren egilea. Herpetofauna del Territorio Histórico de Álava liburuaren egilea, besterekin batera. Ingurume­naren arloko argitalpenetarako ilustrazioak egin ohi ditu Arabako Foru Aldundiarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat. Arabako Natur Institutuko eta Espainiako Herpetologia Elkarteko kidea da.

Elena Potes

Elena Potes

Herpetologia eta Arabako Natur Institutuko eta Espainiako Herpetologia Elkarteko kidea. Anfibioen eta narrastien alderdi korologikoetan zentratutako hainbat argitalpenen eta Gorbeiako Parke Naturaleko inbentario herpetofaunistikoaren egilea, eta Herpetofauna del Territorio Histórico de Álava obrarena, besterekin batera.

Fernando de Juana

Fernando de Juana

Gasteizko Udaleko Ingurumen Saileko Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataleko burua. Eraztun Berdearen garapena planifikatzen dihardu, eta handitu eta hobetzeko behar diren jarduerak proiektatzen. Biodibertsitatea Babesteko Tokiko Estrategia garatu eta aplikatzen du, eta espezie mehatxatuak eta espezie arrotz inbaditzaileak kudeatzeko planak lantzen.

Gorka Belamendia

Gorka Belamendia

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko teknikaria, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologoa. Ataria Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentroaren koordinatzailea —natur ondarearen ezagutza eta kontserbazioa herritarrei hurbiltzeko hezkuntza- eta zabalkunde-jarduerak burutzen dira bertan—.

Ibón de Olano

Ibón de Olano

Entomologoa, Asociación Africanista Manuel Iradier elkarteko kidea eta Euskal Entomologia Elkarteko lehendakaria. Dozena batetik gora egonaldi egin ditu Ekuatore Ginean, Arabako Natur Zientzien Museoan kontserbatzen diren tximeletak eta bestelako intsektuak biltzeko.

Jonathan Rubines

jonathan rubines

Natur espazioen kudeaketan eta naturaren kontserbazioan espezializatutako biologoa. Ingurumen-ikerlari eta -hezitzaile gisa lan egin du, eta hainbat zabalkunde- eta zientzia-argitalpen egin ditu faunaren eta floraren gainean.

José Antonio Gainzarain

José Antonio Gainzarain

Biologoa, Arabako Natur Institutuko kidea. Hegaztietan eta odonatuetan aditua. “Atlas de las libélulas de Álava” argitaratu du berriki, hamar urteko landa-lanaren ondoren.

Juan Tomás Alcalde

Juan Tomás Alcalde

Biologia-zientzietan doktorea, SECEMUko lehenda­karia. Saguzar-populazioak kontserbatzeko proiektue­tan dihardu, babes-kutxak jarri eta berrikusten eta parke eolikoek ugaztun horiengan duten inpaktua aztertzen.

Mario Sáenz de Buruaga

Mario Sáenz de Buruaga

Biologoa, Gasteizko Consultora de Recursos Naturales enpresako zuzendaria. Egile emankorra. Ehiza xehe eta larriko espeziekin lan egin du, baita espezie ez-zinege­tikoekin ere, hala nola hartz arrearekin eta basoiloarekin.

Marta Infante Sánchez

Marta Infante Sánchez

Biologian, briologian eta botanikan doktorea. Ikerlaria da, eta Arabako Natur Zientzien Museoko Botanika Departa­mentuko irakaslea. Paisaiaren eta briofitoen arloko hainbat argitalpenen egilea.

Patxi Heras

Patxi Heras

Briologoa, botanikoa eta ikerlaria, Arabako Natur Zientzien Museoko Botanika Departamentuan. Paisaiaren eta briofitoen arloko hainbat argitalpenen egilea. Esplorazio botanikoak egin ditu Ekuatore Ginean.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala