Bike Station zerbitzua berriro ireki da gaur Landazuri kalean
Bike Station zerbitzuak berriro ireki ditu ateak Landazuri kalean, bizikletaren kultura sustatzeko alorrean Mugikortasun Iraunkorraren Planaren planteamenduekin bat datozen helburuak betetzen laguntzeko. Gizarte tresnak erabiliko ditu horretarako: komunikazioa, hezkuntza, kontzientziazioa...
Jendaurreko arreta Bizieskola enpresak emango duen arren, CEA da Bike Station-aren sustatzaile nagusia, hirian bizikleta sustatzearen arduradun nagusia denez gero.
Irekitze ordutegia honako hau izango du lokalak: ostiraletan 18:30etik 20:30era eta larunbatetan 11:30etik 13:30era. Ordutegi horretan Bike Station-eko langileek laguntza eskainiko diete bizikleta konpontzeko bertaratzen diren herritar guztiei. Eskaria handia bada, irekitze orduak eta egunak zabaldu egingo dira.
Ohiko irekitze ordutegitik kanpo, eta eskariaren arabera, honako hauek ere programatuko dira ekipamenduan:
- Bizikleta erabiltzaileen profil ezberdinen araberako prestakuntza ikastaroak oinarrizko mekanikan eta mekanika aurreratuan.
- Bide segurtasuneko ikastaroak.
- Zikloturismo ikastaroak.
- Gaikako ibilbide gidatuak.
- Hitzaldiak eta solasaldiak.
2012ko martxoan Gasteizko Udalak abian jarri zuen proiektu hau Landazurin bertan, Gasteizko Bizikleteroak elkartearen eskutik. Aurreko kontratua amaituta, Udalak hitzarmen bat sinatu zuen CEArekin Bike Station-a berrabiarazteko eta proiektua sendotzeko. CEAk lehiaketara atera du ekipamendua urtebetez ustiatzea.
Otsaileko programazioa
- Lagundutako konponketen lantegi irekia (otsailaren 13, 14, 20, 21, 27 eta 28). Jarduera horretan bizikleta konpondu ahal izango du jendeak, Bike Station-ean dauden instalazioak eta tresnak erabiliz. Mekanikariak lanak gainbegiratuko ditu, ez du lana zugatik egingo.
- Oinarrizko mekanikaren lantegia (otsailaren 25). Bi ordu eta erdiz, 6 lagunen taldeek oinarrizko konponketak ikasiko dituzte: zulatuak konpontzea, balaztak doitzea eta bizikletaren funtzionamendu egokiari lotutako kontuak (garbiketa, kateari gantza ematea...) Segurtasunez ibiltzen osagarriak ere erakutsiko dira: islatzaileak, janzkera egokia...
- Bizikletaz egindako bidaien ikusentzunezkoa (otsailaren 19). Lehen gonbidatua gure hiritik pasaeran dagoen gonbidatu bat izango da, Aitor Galdos. 50 minutuko ikusentzunezko baten bidez, munduan barrena egiten ari den bidaiaren pasadizoak kontatuko dizkigu. Bost urte daramatza munduan zehar bidaiatzen, eta hainbat kontinente bisitatu ditu (www.cyclotherapy.blogspot.com).
Datozen hilabeteetan
- Asteazkenetan: Maila desberdinetako mekanika ikastaroak (oinarrizkoak eta aurreratuak).
- Ostegunetan: Hitzaldiak hainbat konturi buruz (bidaiak, bide segurtasuna, solasaldiak...)
- Ostiral eta larunbatetan: Nork bere konponketak egiteko laguntza.