Bibliografi aipamena: 'Ecología: Grito de la Tierra, grito de los pobres'
Ecología: Grito de la Tierra, grito de los pobres. Leonardo Boff, 1996. Editorial Trotta, S.S. Madrid.
"Lurra mehatxupean eta gaixorik dago". Baieztapen honekin hasten da askapen teologiaren formulazioari ekarpen handienetakoak egin dizkion teologo honen, Leonardo Boff-en, liburu hau. Hartatik abiatuz eta idazki hau osatzen duten hamaika kapituluetan barrena, egileak hainbat gai jorratzen ditu, zibilizazioaren paradigmaren krisitik hasi eta mundu ikuskera ekologiko berri baten planteamenduraino, horretarako arras desberdinak diren iturrietatik edaten duelarik: Lovelock-en Gaia hipotesiaren postulatuak, fisika kuantikoa, tradizio kristaua, edo Lurra Mila Titien Ama Handitzat, herri andetarren Pacha Mamatzat, zuten herri primitiboen mitologiak.
Lurra organismo bizidun gisa edo unibertsoaren dimentsio espirituala aztertzean, Leonardo Boff-ek zientzia klasikoak berezkoak dituen dikotomiak, esaterako bizia/hila edo esprituala/materiala, gainditzea proposatzen du, eta kosmosaren ikuspegi integratzaile berri bat azaltzen du, berau subjektu bizidun, kontzientziadun eta sortze objektudun gisa aurkeztuz.
Hortaz, gizakia ez da "munduaren gainetaik dagoen" zerbait, baizik eta izadiaren partaide osagarria, eta gizateriaren arazoak Lurraren arazo bilakatzen dira. Egungo garapen ereduak, epe laburreko mozkinak eta banakakoen onura denon ongizatearen gainetik jartzen duenak, natur baliabideen gainustiapena exijitzen du, milioika gizaki miseriara eta heriotzera eramanez eta aldi berean planetaren oreka ekologikoari tamaina ikaragarriko erasoa jaurtiz.
Errealitate horien egiaztatzetik, egilea askapen teologia gizarte justiziaren aldeko aldarri gisa ulertzetik haratago doa, eta askapen horren zentzua zabaltzea iradokitzen du: "txiroak eta zapalduak askatzeaz gain, gizaki guztiak, aberats zein txiro, askatu behar dira, denak baitaude esklabo bihurtzen dien paradigma baten pean, Lurra kolpatzen duen paradigma, kontsumismoarena eta izaki bakoitzaren bestetasunaren eta berezko balioaren ukapenarena".
Krisi ekologikoaren ikuspegi aniztasunak, bere jatorriak eta ondorioek, oso desberdinak diren disziplinetatik aztertzen dira, hala nola astronomia, teologia, natur zientziak, soziologia edo filosofia, batzuetan irakurketa trinkoa eskainiz, eta hitz eta kontzeptu berritzaileen bitartez -andropismoa (antropozentrismoari kontrajarriz), noosfera, biokrazia, justizia ekologikoa, etab.- gure sinesmenei eta bizimoduei buruzko gogoeta egitera eta, finean, mendebaldeko gizarte modernoek mundua ulertzeko duten modua zalantzan jartzera bultzatzen gaitu.