Betoñuko urmaeleko arrain exotiko inbaditzaileak handik eramateko lanak
Espezie exotiko inbaditzaileak biodibertsitatearen kontrako mehatxu-iturririk arriskutsuenetakoak dira gaur egun. Izan ere, UICN (Natura Babesteko Nazioarteko Batasuna) erakundearen ustez, munduko espezie-galeraren hirugarren iturburuak edo eragileak dira.
Partikularrek isilpean libre utzi dituzten (eta Salburuko autoktonoak ez diren) animalia urtarren artean, hainbat espezie nabarmentzen dira. Animalia horiek oso kalte larriak eragiten dituzte aintziren ekologia-orekan, urpeko landareak ez ezik, beste animalia batzuk ere jaten dituztelako. Ondorioz, kontserbazio-arazo izugarri larriak sorrarazten dituzte. 2005etik, Betoñuko urmaeleko espezie autoktonoak (loina eta errutilo hegatsgorria) desagertu eta espezie autoktono haragijaleak (lutxoa, perka amerikarra, eguzki-arraina eta ganbusia) barra-barra hedatu dira, eta beste horrenbeste gertatu da belarjale-espezie oso kaltegarri batekin: karparekin.
Aurten, 2009an, lehorketa-prozesu naturala eragin dute, nahita, Betoñuko urmaelean, landareak eta animaliak ugaltzeko prozesua bukatu ondoren (abuztuaren amaieran), aintzira husteko eta pasabidea hobetzeko lanei ekin ahal izateko. Bide batez, arrain exotikoak eta karramarro gorriak desagerrarazteko jarduerak egin dira, hil eta handik eramateko.
Abuztuaren 24an aintzira erabat hustu eta arrainak eraman egin zituzten. Horretan eman zuten hilaren 25eko goiza ere. Guztira, 800 kg atera zituzten, gutxi gorabehera: 163 karpa, 22 perka amerikar, 18 lutxo, 2.500 eguzki-arrain inguru eta 600 bat ganbusia.
CEAko talde teknikoko kideentzat ez da erraza aipatutako zeregin gogorretan aritzea, baina badakite, ezbairik gabe, espezie horiek desagerraraztea mesedegarria dela Salburuarentzat, eta horrexegatik egin dute. Baina zoritxarrez, oraingoan ere, gizakiak naturan sorrarazitako desorekak errugabeek ordaindu dituzte: hildako arrainek.