Betiko nekazaritzako barietateak ikertu eta berreskuratzeko lanaren lehen fasea amaitu da
FAO erakundearen kalkuluen arabera, mundu osoan elikagaiek hornitzen dizkiguten kaloria guztien % 70 hamabi landare espeziek eta bost animalia espezierekin osatzen dira. Eta gehiago zehaztuta: energiaren erdia lau landaretik – arroza, artoa, garia eta patatak – eta hiru animaliatik – behia, txerria eta oilaskoa – eskuratzen da. Pasa den mendearen bigarren erdialdean, betiko labore barietateen ordezkapen azkarra gertatu zen, eta tokian tokiko baldintzetara egokitutako barietate horien ordez, gehiago ekoizten zuten barietate komertzialak sartu ziren, nekazaritzaren industrializazioa bultzatu zuen testuinguruan.
Vitoria-Gasteizek bertako labore dibertsitatea eta horren maneiuari lotutako ezagutza gehiago galdu dadin eragozteko bide berri bati ekin dio. Azken urte honetan, Red de Semillas de Euskadi - Euskal Herriko Hazien Sarea elkarteak ikerlan bat abiatu du elikagai gisa balioa duten tokiko laboreen barietate tradizionalak identifikatzeko. Horretarako, udalerriko zenbait herritako hamabost pertsonarekin jarri dira harremanetan, horiek etxeko baratzean lantzen dituzten barietateak ezagutzeko. Bestalde, INIA institutuaren Baliabide Fitogenetikoen Zentroan dituzten laginak ere aztertu dira.
Ikerlan honetako metodologia eta emaitzak oroitidazki eta laburpen batean jaso dira. Laburbilduta, esan daiteke Sareak 88 barietate desberdin identifikatu dituela, baina soilik horietako 13ren laginak jaso eta fitxa etnobotanikoak sortu ahal izan direla. Lanaren funtsezko beste osagai bat Olarizuko lorategi botanikoko Germoplasma Bankua izan da, bertan kontserbatu baitira materialak, etorkizunean horiek hozitu eta elikagaiak ekoizten hasi ahal izateko. Nabarmentzekoa da lehen fase baten emaitza dela dokumentu hau, eta etorkizunean lana luzatu egingo dela hainbat urtez, udalerri osoa aztertu ahal izateko eta identifikatu diren barietate guztiak bildu eta hozitu ahal izateko.
Lan lerro hau Gasteizko Udalak duela zenbait urte abian jarri zuen Nekazaritzako Elikagai Jasangarrien Estrategiaren baitan dago. Estrategia horren xedea da elikagaien ekoizpenaren sektorea deskarbonizatzea, klima larrialdiko gaur egungo testuingurua kontuan hartuta, eta elikagaiak ekoiztu, eraldatu, banatu eta kontsumitzeko katea birkokatzea.