Bertako landareak sustatu eta hedatzeko kanpaina
Olarizuko baratzeetan dagoen bertako landareen baso mintegian sortutako landareak banatzeko kanpaina egiten du urtero CEAk. Landareak jasotzeko interesa duen edonork -erakundeak, elkarteak, taldeak, banakakoak- eskura ditzake landare hauek doan.
Hala ere, kontuan izan behar da ez dela landareen banaketa masiboa, baizik eta landareak jasotzetik haratago doan banaketa mugatua. Ekimen honen helburuak hauek dira:
- Ingurumenarekiko begirunea sustatzea bertako landare espezie nagusien ezagutzaren bidez (identifikazioa, garrantziaren ezagutza eta erabilgarritasuna).
- Herritarren parte hartzea sustatzea ingurumenaren kontserbazioan eta hobekuntzan, bertako landareak erabiliz oihaneztatze txikiak edo lorategien apainketak eginez.
- Landareen landaketa eta zainketa ekologikoaren inguruko tekniken oinarrizko ezagutza bultzatzea.
Katalogo bat argitaratzen da urtero landareen hautaketa errazteko. Bertako landareen baso katalogo hau eskuragarri dago bai Olarizuko etxaldean bai CEAren webgunean. Horrez gain, CEAko teknikariek aholkuak eskaintzen dituzte bertako espezie botanikoen inguruan (ezaugarriak, landatuko diren ingurunearekiko egokitze maila, erabilgarritasuna) eta landatze ekologikoari eta landatze teknikei buruzko azalpenak ematen dituzte.
Landareak hautatu eta jasotzeko kanpaina 2008ko abenduaren 1etik 2009ko otsailaren 28ra luzatuko da (Gabonetan eta jaiegunetan salbu). Astelehen, ostegun eta ostiraletan 16:00etatik 17:30era egingo da eta astearte eta asteazkenetan 11:00etatik 12:30era. Ekimen honetan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretiaz hitzordua adostea, azaroaren 24tik aurrera 945 162696 telefonora deituz.
Katalogoa ondoko helbidetik deskarga daiteke (PDF, 1 MB):
http://www.vitoria-gasteiz.org/anilloWeb/documentos/1595eu.pdf