Berriki egindako ikerketa baten arabera, Armentiako parkea 634 landare espezieren bizileku da
2005ean zehar Eraztun Berdeko parke honetako landaredia analizatu duen azterlan bat egin da. Lan hau Arabako Natur Zientzien Museoan lan egiten duen eta landareetan aditua den Pedro Uribe-Echebarriak egin du.
Deskribatu den espezie kopurua (634 alegia) nahiko handia da, gehien bat bi arrazoirengatik: alde batetik, toki honetan hainbat baso mota daudelako (erkameztia, pagadia eta karraskadia), bai eta beren degradazio faseak ere; eta bestalde, Arabako Lautadan egoteak, justu eskualde mediterranear eta eskualde atlantikoaren trantsizio gunean, aberastasun handia dakarkiolako. Espezie kopuru hau Araba osoan dagoen landare multzoarekin konparatuz gero, Arabako espezieen heren bat Armentian ere bizi dela ikus daiteke. Kontuan izan behar da Arabak parke honek baino 1.500 aldiz azalera handiagoa duela.
Espezie hauen artean, iraungitze arriskuan dauden eta Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan sarturik dauden zenbait nabarmendu daitezke, hala nola gorostia, nartzisoak edo hagina. Mehatxatutako espezie hauez gain, espezie interesgarri asko deskribatu dira, esaterako parkeko larreetan bizi diren orkidea multzoak. Lanaren beste helburu bat, Arabako Foru Aldundiak 1970etik aurrera landatu zituen 90 zuhaitz espezieak aztertzea izan da. Landatze hauek Armentiako "Baso Parkea" deitu zenaren baitan egin ziren. Landarediarei dagokionez, Europako legediaren babespean dauden hainbat mota ageri dira: karraskadiak, erkameztiak, lizardiak, etab.
Azkenik, ikerketan neurri sorta bat proposatu da toki honetako balio botanikoak mantendu eta handitzeko, esaterako segak orkideen loratzeari egokitzea, balizko espezie inbaditzaileen hedatzea kontrolatzea, etab.