Baso igel jauzkiariak ugalketa sasoi bikaina izan du 2015. urtean udalerrian
Baso igel jauzkaria gure anfibioen artean mehatxatuenetako bat da. Kolore arreko igel bat da, tamaina ertainekoa, bere izenak dioen bezala jauzi ikusgarriak egin ditzakeena (bi metroko altuerarainokoak) bere atzeko hanka luzeei esker. Erdialdeko Europan jatorria duen espezie bat da, eta Iberiar penintsulan Euskal Herrian soilik agertzen da. Arabako populazio nagusiak Aiaran, Gorbearen inguruetan, Izkin eta Arabako Mendialdean, eta Arabako Lautadan daude.
Bere habitat naturala hariztiak dira, eta errunaldiak egiteko hezeguneak egon daitezen behar du. Ez dio edozein urmaelek balio, sakonak eta landaredi akuatikoa dutenak hautatzen baititu. Euskal Herriko harizti gehienak moztu egin direla eta haietako urmaelak lehortu direla kontuan hartuz, baso igel jauzkaria espezie mehatxatua izatera igaro da. Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan "Kaltebera" kategorian dago, "Galzorian" kategoria baino lehenagokoa dena.
Udalerrian lau populazio daudela ezagutzen da: Gasteizko mendatean, Gasteizko Mendien oinarrian Aberasturi parean, Lautadako hariztietan Zerio, Argandoña eta Askartza artean, eta Salburuko hezegunean. Horietan guztietan maneiu ekintza desberdinak egiten ari dira, populazioen kontserbazio egoera larria hobetzeko: basoak birlandatzea, hezeguneak leheneratzea, espezie harrapari inbaditzaileak ezabatzea, etab.
Espezie zuhurra da: helduaroan zaila da hura antzematea, ugalketarako erabiltzen dituen hezeguneetan biltzen denean salbu. Hori neguaren bukaeran gertatzen da, otsail eta martxoan, eta une horretan populazioek zenbat ale dituzten kalkula daiteke urmael bakoitzean zenbat errunaldi dauden zenbatuta. Horixe da, hain zuzen, udal teknikariek egiten ari direna 2011. urtetik hasita. Errunaldi bakoitza eme batena da, eta eme bakoitzeko 2-3 ar egon ohi dira. Egin berri den 2015. urteko zenbaketan, zenbaketa egiten ari zirenetik errunaldi gehien aurkitu diren urtea da, eta udalerriko populazio heldua 800-1.060 aletan zenbatetsi da.
Tokia/urtea | 2011 | 2012 | 2013 | 2014 | 2015 |
---|---|---|---|---|---|
Salburua | 78 | 52 | 76 | 55 | 125 |
Lautadako hariztiak | 46 | 35 | 52 | 35 | 111 |
Gasteizko Mendietako hariztiak | 3 | 0 | 7 | 2 | 4 |
Gasteizko mendatea | 5 | 12 | 12 | 26 | 25 |
Guztira udalerrian | 132 | 99 | 147 | 118 | 265 |
Ikus daitekeenez, gehikuntza handienak Salburuan eta Lautadako hariztietan gertatu dira; Gasteizko Mendietan, berriz, egoera aurreko urtekoen parekoa da. Dirudienez, Arabako beste herri batzuetan ere urte ona ari da izaten espezie honen ugalketari dagokionez. Edozein kasutan, ez da baztertzen aurreko urteetan abian jarritako kontserbazio neurriek dagoeneko emaitza positiboak eman izana; hala ere, datozen urteetako eboluzioa ikusi beharko da hori baieztatzeko.