eues

Albistea

Basaldea Enpresa Agroekologikoen Zentroak ALEKO nekazaritza-testaren eremuan interesa duten eragileen bisita jaso du

Pertsona multzo bat Basaldean bisitan

Enpresen Udal Zerbitzuak kudeatzen duen Basaldea Enpresa Agroekologikoen Zentroak CROPS4LIFE proiektuan eta bere nekazaritzako ALEKO test gunean interesa duten pertsona eta erakundeen bisita jaso zuen joan den ostiralean. Proiektuari lotutako prestakuntza-ikastaroaren lehen edizioan, 16 pertsonak, otsailetik uztailera bitartean, nekazaritza birsortzailean oinarritutako nekazaritza-ekoizpeneko hainbat ereduri buruzko prestakuntza jasotzen dute.

Bisitan parte hartu dutenek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte Basaldeko instalazioak. Vitoria-Gasteiz inguruan nekazaritza ekologikoa bultzatzeko asmoz abian jarritako udal-proiektua da, eta 21 hektareako nekazaritza-lursailak ditu nekazaritza ekologikoan ekintzailetza eta autoenplegua bultzatzeko.

Orain arte zeuden baliabideei, gainera, bi gune berri gehitu dizkiete: Nekazaritzako biltegi txiki bat, bereizitako hainbat gunerekin, enpresen haztegian dauden nekazarien beharrei erantzutea helburu dutenak: lanabesen eta erreminten biltegia, biltegiratze sailkatua (erregaia, fitosanitarioak…), konponketetarako tailer txikia, lehortegia eta baratzeko produktuen biltegia. Espazio funtzionala da eta ingurunean integratua dago.

Eta, bestalde, azalera txikietako baratze-ekoizpen biointentsiboa erakusteko espazio berria ezagutzeko aukera ere izan dute bisitariek.

Gune honen helburua, aire zabaleko 2.500 metro koadroko azalera eta 900 metro koadroko berotegia duen espazio horrekin, nekazaritza-eredu horren bideragarritasun produktiboa eta ekonomikoa erakustea da eta, horren bidez, erreferenteak sortzea, arrakasta-kasuak erakustea eta epe ertainean sektorean belaunaldi-erreleboa egon dadin laguntzea. Bi jarduera berri horiek Basaldea Enpresa Zentroa sendotzeko lagungarriak izango dira, baratzeko produktu osasungarri eta jasangarriak ekoizteko eta zuzenean saltzeko erreferentziazko gune izan dadin.

Pertsonak Basaldeko berotegi bat bisitatzen

ALEKO nekazaritzako test-gunea da beste batzuekin batera Europar Batasunak finantzatutako CROPS4LIFE Europako proiektuaren osagaietako bat. Horren bidez, Ingurumen Gaietarako Ikastegiak helburu hauek lortu nahi ditu: nekazaritza birsortzailean oinarrituta, nekazaritza-ekoizpeneko modu berrien bideragarritasuna egiaztatzea, elikagai freskoen tokiko ekoizpena handitzea eta Gasteizko elikadura-sistema deskarbonizatzea gobernantzako formulen bidez.

Prestakuntza-ibilbideak hainbat modulu biltzen ditu ALEKO test-gunean bideratu nahi diren nekazaritza-erabilera bakoitzaren inguruko ikuspegi orokorra emateko. Gainera, ekonomia sozialaren eta solidarioaren ikuspegitik, nekazaritzako ekintzailetzari buruzko modulua jasotzen du.

Hala, honako hauek dira moduluak: nekazaritza birsortzailearen oinarriak, baratzezaintza biointentsiboa, baratzezaintza estentsibo birsortzailea, lehorreko laborantza estentsiboa, frutagintza, abeltzaintza dibertsifikatua, basoetako artzaintza eta basoen kudeaketa, ekonomia soziala eta solidarioa eta taldeen kudeaketa. Guztira, 720 ordukoa izango da prestakuntza-aldia.

Hain zuzen ere, prestakuntza-aldi hori izango da ALEKO baitako ibilbide osoaren lehen etapa eta bi urte eta erdiko iraupena izango du denera. Sei hilabeteko fase hau gainditutakoan, ‘tester’ek beren ustiapen-eredua definitu eta prestakuntza-aldian ikasitako ekoizpen-sistema horietako bat edo batzuk aukeratu beharko dituzte.

Logoa: Europar Batasunak Finantziatua – NextGenerationEU

101114329 LIFE 22-GIC-ES-CROPS4LIFE

Co-funded by the European Union. Views and opinions expressed are however those of the author(s) only and do not necessarily reflect those of the European Union or CINEA. Neither the European Union nor the granting authority can be held responsible for them.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala