Azken mugikortasun inkestak gasteiztarrek joan-etorrietarako dituzten ohituren aldaketa erakutsi du
2011n egindako mugikortasun inkestatik ateratako datuek baieztatu dute Udalak 2007tik aurrera abian jarritako Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren helburuak betetzen ari direla. Ordutik, Gasteizen asko jaitsi da ibilgailu pribatuen erabilera, ehunekoetan beste moduekin alderatuz, eta garraio publikoan, bizikletaz eta oinez egindako joan-etorriak gehitu egin direla.
Izan ere, eta bizikletari dagokionez, Arabako hiriburua Espainiako hirietatik bizikleta gehien erabiltzen den hiria da. Inkestaren arabera, bizikleta bidezko joan-etorrien ehunekoa bikoiztu egin da, duela bost urteko datuekin alderatuz gero. Ingurumen zinegotzi Idoia Garmendiak esan duen bezala, "gure erronka bizikletaren erabilera handitzen jarraitzea da, eta baita bizikleta erabiltzaileen eta oinezkoen arteko bizikidetza egokia bermatzea biek elkarrekin espaloitik dabiltzanean".
Bestalde, inkestak baieztatu egin ditu garraio publikoaren inguruan zeuden datuak. Zenbaki absolutuetan %50 igo dira egunean egindako bidaiak, TUVISA eta tranbia elkarrekin kontuan hartuta. Oinezko joan-etorriak ere, zenbaki absolutuetan, %40 gehitu dira.
Idoia Garmendiak zehaztu duenez, datu hauek analizatzerakoan kontuan izan behar da hiriak azken urteetan azaleran izan duen handitzea. "Gaur hiriaren azalera heren bat gehiago da. Musikortasunean esku hartu izan ez balitz, gaur egun ibilgailu pribatuaren erabilera askoz handiagoa izango litzateke".
Izatez, aurtengo mugikortasun inkestaren arabera, ibilgailu pribatuak jaitsiera nabarmena izan du erabilera ehunekoetan. 2006an joan-etorrien %36,2 autoz baziren, aurten %28,3 dira.
Urtea | Automobil pribatua | Garraio publikoa | Bizikleta | Oinez |
---|---|---|---|---|
2002 | %31 | %8 | %1,4 | %55 |
2006 | %36,2 | %7,9 | %3,4 | %49 |
2011 | %28,3 | %8,3 | %6,9 | %53,6 |
Garraio mota | 2006 | 2011 |
---|---|---|
Oinez | 262.725 | 418.501 |
Automobila (gidaria) | 159.547 | 183.367 |
Automobila (laguna) | 34.748 | 37.589 |
Motorra (gidaria) | 4.691 | 4.122 |
Taxia | 1.432 | 816 |
Hiriko autobusa | 40.664 | 35.323 |
Tranbia | - | 26.671 |
Hiriarteko autobusa | 1.683 | 3.002 |
Autokarra | 2.405 | 2.165 |
Enpresako autobusa | 5.726 | 4.372 |
Eskolako autobusa | 2.580 | 5.788 |
Bizikleta | 18.160 | 53.773 |
Beste batzuk | 2.287 | 4.870 |