eues

Albistea

Aurrera doa Koroatze auzoko hiri-birgaitze integratuko proiektua

Koroatze auzorako plana asmo handiko proiektu bat da. Udalak hainbat urte daramatza egitasmo horri ekin nahian, baina orain ikusi da hari heltzeko benetako aukera, Europar Batzordearen Horizon 2020 programaren baitan egindako deialdiaren barruan onartu den SmartEnCity proiektuari esker. Gasteiz ez ezik, Tartu (Estonia) eta Sønderborg (Danimarka) hiriek ere parte hartzen dute jarduketak garatzeko proposamenean, helburu bertsuekin. Ekintzak hiri bakoitzaren ezaugarrietara moldatu dira. Proiektuaren bazkideak, Gasteizko zatiari dagokionez, honako hauek dira: Tecnalia (proiektuaren koordinatzaile nagusia da), Vitoria-Gasteizko Udala, Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, VISESA, Mondragon kooperatiba taldea, Fagor Ederlan, Etxetresna Elektrikoen Euskadiko Kluster Taldea, ETIC, MCCTELECOM, Acciona Azpiegiturak, Giroa, Cartif fundazioa eta Estudios GIS.

Helburua, momentu honetan, egin daitekeena zehaztea da, bai eta zer baldintzetan egin daitekeen ere, erronka garrantzitsu horretan sartutako pertsona guztien kezka eta zalantzei erantzun zehatzak emateko. Besteak beste, auzoaren azterketa ekonomikoa egitea eta proiektuari ekiteko egutegi bat prestatzea, jarduteko epeak finkatzeko eta diru-laguntzen zenbatekoak eta baldintzak zehazteko: auzotarrekin hitz egitera eseri aurretik egin beharreko zereginak dira horiek guztiak. Orobat, informazio-bulego bat zabaltzea aurreikusi dute, auzoa birgaitzeko planaren eraginpeko biztanleek nora jo izan dezaten.

Proiektuan, birgaikuntza nabarmentzen da ardatz nagusi moduan. Fatxadako inguratzailearen birgaitze energetikoa izango da jarduketen oinarria: hain zuzen, fatxadaren isolamenduaren eta kanpoko arotzeria-instalazioaren gain jardungo dute, bai eta ur-iragazteak murrizteko ere. Halaber, % 50 murriztu nahi dira energia-eskakizunak, eta barrualdea moldatu, eraginkortasun handiko hiriko bero-sareari egokitzeko. Biomasaz hornitutako berokuntzako eta ur bero sanitarioko sistema bat da. Bestalde, hiri-mugikortasunaren arloan energia garbien erabilera bultzatzea aurreikusi dute, ibilgailu eta azpiegitura berdeak areagotuz. Orobat aurreikusi dute informazioaren teknologiak asko erabiltzea, proiektuak planifikatzeko eta abian jartzeko garaian integrazioa eta koherentzia lortzeko, herritarren parte-hartzea finkatzeko eta gauzatutako jarduketen azken onuradunak pertsonak direla bermatzeko.

Barrutiko berokuntza-sistema berri bat ere sartu da planean. Biomasaz dabil, eta 1.300 bizitokiko eremu bat hornituko du. Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak 1.300 etxebizitzok finantzazio-baldintza berak izateko konpromisoa hartu dute, nahiz eta, zuzenean Europar Batasuneko diru-laguntzan parte, 750 etxebizitzak hartuko du parte soilik. Koroatze auzoko 6.066 etxebizitzetatik, 1.800 sartzen dira proiektuaren esparruan zehaztutako eremuan -non beste jarduketa sorta bat ere sartuko baita-.

Mugikortasun iraunkorra sustatzeko jarduerei dagokienez, planak gutxienez 73 ibilgailu elektriko (mota ezberdinetakoak) erabiltzea aurreikusten du, bereziki zerbitzuak emateko eta salgaiak banatzeko ibilgailuak eta taxiak. Gainera, ibilgailu horiek kargatzeko guneak aurreikusi dira: 26 gune jarriko dira salgaien banaketarako, 6 taxietarako eta 20 partikularrek publikoari zerbitzuak emateko. Bestetik, Udalak 2 milioi euroko aurrekontua du Koroatzearen inguruan zenbait ekintza egiteko, eta une honetan lehentasunak aztertzen ari dira.

Finantziazioa

Finantzazioari dagokionez, SmartEnCity proiektuak 75.565.000 euroko aurrekontua du guztira (hiru hiriak sarturik: Gasteiz, Tartu eta Sønderborg). Europako Batzordeak, orotara, 27.890.136 euroko diru-laguntza eman du hiru hirietarako.

Gasteizko proiektuaren aurrekontua 29.566.798 euro da, honela banatuta:

  • Koroatze auzoko ekintzak: 24.166.377 €.
  • Kudeaketa, ikerketa, koordinazioa, zabalkundea, monitorizazioa, zeharkako kostuak, eta abar: 5.400.421 €.

Europak emandako diru-laguntzari dagokionez, Gasteizek 10.879.960 € jasoko ditu, honela banatuta:

  • Koroatze auzoko ekintzak: 6.208.803 €
  • Kudeaketa, ikerketa, koordinazioa, zabalkundea, monitorizazioa, zeharkako kostuak, eta abar: 4.671.157 €

Bestalde, Visesak jasoko du Europak eraginkortasun energetikoaren alorrean birgaitzeko emandako diru-laguntza. Aldi berean, Gasteizko udalak eta Eusko Jaurlaritzak osatuko dute Europak emandako dirua.

Udala eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila ez ezik, Energiaren Euskal Erakundea eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila ere sartu dira proiektuan: berokuntza-sarerako, ingurunerako eta etxebizitzei diru-laguntza emateko, orotara, milioi eta erdi eurotik gorakoa izango da ekarpena.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala