Atariaren webgunea eguneratu dugu diseinu bisualago batekin

Webgunea lau atal nagusitan egituratu da, argiagoak, erakargarriagoak eta kontsultatzeko errazagoak direnak. Lehenengoak Atariaren eraikina eta bere espazioak aurkezten ditu, natura ikusteko, erakusketak bisitatzeko edo askotariko publikoentzat pentsatutako egonaldiez gozatzeko leku gisa eskaintzen duen guztia erakutsiz.
Bigarren eta hirugarren atalak zentroa bisitatzen duten pertsonentzako informazio praktikoa eskaintzera bideratu dira. Horietan, Atarian eta hezegunearen inguruan egiten diren jarduerei buruzko informazioa jasotzen da, bai eta nola iritsi, non jan eta bisita planifikatzeko interesgarriak diren beste alderdi batzuei buruzko argibideak ere.
Azkenik, laugarren atalak Salburua parkearen, bertako hezeguneen eta bertan dauden fauna eta floraren garrantzi ekologikoa jorratzen du.
Webgune berri honetan, Atariko bisitariei harrera egiteko eta hezeguneak interpretatzeko ekipamendu gisa dugun asmoa islatzen dugu. Gure helburuak ere argi ageri dira: herritarrentzako topagune izaten jarraitzea, eta Salburuko eta, ondorioz, Gasteiz osoko aberastasun naturala ezagutzeko eta zabaltzeko gune izatea.
Atariaren proiektuak honakoak ditu xede:
- Hiria, natura eta pertsonak lotzea.
- Herritarrei Salburuko parkearen, hezeguneen eta Gasteizko Eraztun Berdearen balioa eta garrantzia hurbiltzea, ezagutzaren, esperientziaren eta lurraldearen arteko topagunea sortuz.
- Naturarekiko errespetua, biodibertsitatearen babesa eta jasangarritasunetik eraikitako hiri eredu baterantz aurrera egitea.