Atarian ekainean egin zen Ingurumen Hezkuntzako III. Jardunaldiaren ondorioak
Ekainaren 18ko ekitaldian, berrogeita hamarren bat lagun (teknikariak, hezitzaileak eta ingurumen hezkuntzaren munduari lotutako administrazio-langileak) Gasteizen bildu ziren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatutako Ingurumen Hezkuntzari buruzko III. Jardunaldietan gozatzeko eta ikasteko helburuekin. Helburuen azterketa izan zen eztabaidagai, Ingurumen Hezkuntzako planteamendu berrian.
Jardunaldiak goizeko hamarretan hasi ziren Salburuko hezeguneak interpretatzeko "Ataria" zentroan, parte hartzaileei ongi etorri eginda, eta arratsaldeko zazpietan amaitu ziren ondorioak landu eta gero.
Eusko Jaurlaritzaren Natur Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak, Amaia Barredok, ongi etorri abegitsua egin zien bertaratutako guztiei, eta gure herritarren sentipenean ingurumen hezkuntzaren garrantzia azpimarratu zuen, horrek "zuetariko bakoitzak izadiari diozuen errespetua eta ingurumenari buruzko kontzientziazio handia erakusten du". Irekiera saioan parte hartu zuen baita ere CEAko teknikari Jesus Mesanzak, zeinak esker ona agertu zien jardunaldi hauetan lankidetzan parte hartutako beste erakundeei, hitzaldi eta lantegietako hizlari eta txostengileei, eta Gasteizko Udalaren menpeko erakunde autonomo honek ospatzen dituen hogeigarren urteurrena gogoratzeko hitz batzuk ere izan zituen.