Atariak 38.059 bisita izan ditu 2020an
Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentro Atariak, guztira, 38.059 bisitari hartu ditu 2020an; hau da, aurreko urtean baino % 57,56 gutxiago. Iazko ekitaldian izandako bisitari kopurua positibotzat jo behar da, kontuan izanik pandemiaren testuingurua eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak zentrorako bisitak seguruak izatea bermatzeko hartu zituen segurtasun-neurriak. Kopuru horrek berriz ere frogatzen du Ataria baliabide ezaguna bilakatu dela, eta hiriko biztanleek zein zentroa bisitatzen dutenek baloratu eta erabiltzen dutela.
Txotena egin ondoren lortutako ondorioek adierazten dute, bestalde, urte hasieran jende gehiago bertaratu zela 2019ko hiruhileko berean baino; horrenbestez, ondoriozta liteke pandemiarik izan ez balitz parte hartzaileen kopurua aurreko ekitaldikoa baino handiagoa izango zatekeela, zeinean 89.681 pertsona bertaratu baitziren. “Normaltasun berria” hasi zenean, bertaratutakoen kopuruak aurreko urteetako patroi berei jarraitu zien: uztailean eta abuztuan bisitari gehiago izan ziren, eta irailean, gutxiago; urrian, berriz, gora egin zuen kopuruak, eskola-programa zela eta.
Inkesta egin zitzaien 3.400 pertsonen (bisitarien % 9) erantzunetatik ateratzen den beste ondorio bat da mugikortasun-murrizketek izan duten eragina: Gasteizko eta Arabako bisitarien kopuruak gora egin du; Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko turisten kopurua % 4,2 jaitsi da, eta atzerriko bisitariena % 5,8 jaitsi da. Datu horiek gorabehera, bisitarien ohiko profila berdina izan zen 2020an eta aurreko urteetan: Gasteizko familia-taldeak dira bisitari nagusiak, 35 eta 65 urte bitarteko pertsonek osatuak, sarritan 12 urtetik beherako haurrekin.
Aipatzekoa da parte-hartzaileen kopuruak behera egin zuela Atariaren programa irekiko jardueretan (lantegiak, ikastaroak, bisitak eta abar); horrek lotura du Udalak hartutako osasun- eta segurtasun-neurriekin: zentroaren edukiera gutxitzea (50 pertsona gehienez), beheko solairua erabiltzeko murrizketak eta jarduerarik ezin egitea bizikide ez diren pertsonek osatutako talde handiekin. Izan ere, 2020an 61 natura-ibilbide egin ziren, eta haietan 518 lagunek hartu zuten parte; hau da, ibilbideko 8,5 lagun, batez beste. Ratio hori askoz txikiagoa da aurreko urteetakoak baino: 24,65 lagun ibilbide bakoitzeko, 2019an, eta 19,95 lagun ibilbideko, 2018an.
Alderdi positibo bat dago, dena den, Interneteko presentziaren kuotak handitu baitziren; izan ere, zentroak % 30 jarraitzaile gehiago izan zituen Instagramen (1.350 jarraitzaile), eta webguneak % 25 bisita gehiago izan zituen 2019an baino, batez ere pandemia-garai hauetan egindako jarduera digitalei esker.
2021ean eta hurrengo urteetan jasotzen diren datuak baliagarriak izango dira aztertzeko eta ulertzeko zenbat jende etortzen den eta zenbateraino hartzen duen parte jardueretan eta bisitetan COVIDaren fenomenoaren ostean, zentrokoek azaltzen duten bezala “normaltasun berriak” aldaketa ekar baitezake bisitarien jokabidean.