Atariak 100.000 bisita baino gehiago izan zituen 2018an
Salburuko hezeguneen interpretazio zentroak inoizko bisitari kopururik handiena izan zuen 2018an. Guztira 102.973 lagun bertaratu ziren, mota guztietako bisitariak kontuan hartuta: bisitari orokorrak, eskoletako txangoak, bisita gidatuak eta programa irekiko jarduerak. 2017an baino % 19,13 gehiagokoa da kopuru hori.
Bisitari motaren araberako datuek diote gehienak bisitari orokorrak izan zirela (% 79,8). Gainerakoen artean, % 6 eskoletako ikasleak izan ziren, % 3,8 bisita gidatuetakoak eta % 10,4 programa irekikoak.
2018an zehar guztira 469 jarduera egin ziren Atarian. Horietatik, 9 erakusketa egin ziren, 137 bisita gidatu talde antolatuentzat, 66 ikastaro edo lantegi, 30 hitzaldi, familientzako 111 jarduera, naturako 73 ibilbide eta programatik kanpoko 42 jarduera. Guztira 35.287 pertsonak hartu zuten parte jardueretan.