Arriagako parkeko hiri zuhaitzak ezagutzeko egindako bisita baten kontakizuna
Hiriko zuhaitzen balioa aitortzeko asmoz, eta Arriagako emakume talde baten eskariari erantzunez, Egibide ikastetxeko Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko Prestakuntza Zikloaren ikasle batek bisita gidatu bat antolatu zuen Arriagako parkera, bere praktika lan gisa.
"Irteeraren xedea izan zen Arriagako parkea aurki ditzakegun zenbait zuhaitz espezie ezagutzeko argibide batzuk ematea.
Ikusi genituen lehen espezieak sekuoia erraldoia eta Himalaiako zedroa izan ziren. Haiek baliatuta, ikusten ditugun piramide formako zuhaitz guztiak ez direla pinuak azaldu nuen; gehienetan, batez ere hirietan, izeiak, zedroak edo sekuoiak direla. Zedroaren eta sekuoiaren erabileretako batzuk azaldu nituen, eta bitxikeria gisa, nola sua behar duten haziburuak ireki eta haziak askatzeko.
Aurerago lizarrak, japoniar aranondoak, gaztainondoak eta hainbat astigar mota ikusi genituen, besteak beste. Espezie horiek hosto sinpleen eta konposatuen arteko diferentziak azaltzeko erabili nituen.
Pagoarekin eta haritzarekin, enborraren formak azaldu nituen, eta nola forma hori desberdina den zuhaitza isolatuta edo basoetan multzokatuta hazten bada, eta inausketari buruz hitz egin genuen: zuhaitzek berek modu naturalean, gizakiak parte hartu gabe, nola egiten duten.
Jendea gehien harritu zuen espezietako bat hagina izan zen. Ezin zuten ulertu nola, hain zuhaitz toxikoa izanik, lorategietan landatzen den. Erantzuna izan zen pertsonak inoiz ez doazela parkeetatik zuhaitzek adarrak murtxikatzen, eta oraindik ez dela horrelako pozoitze kasurik antzeman inguruetan. Berezitasun modura, hazia inguratzen duen arilo gorria, zatirik deigarriena dena, pozia ez duen atal bakarra da. Hagina espezie berezia da, historian zehar Europako kultura askok erabili dutena, eta horregatik tokia merezi du gure lorategietan.
Bisita amaitzeko, parkearen erdian dauden makal beltz handiez aritu ginen. Parkea sortu baino lehen han zeuden makal horiek.
Ondorio gisa, esan dezaket oso bisita atsegina izan zela. Emakumeek gauza berriak ikasi zituzten parkeko aberastasun ikaragarriaren inguruan, eta zuhaitzen artean paseatzeko egun eguzkitsu zoragarriaz gozatu zuten."