Aranzadik eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Gasteizen kumatzen diren hegaztien erradiografia jasoko dute atlas batean
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Gasteizko Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, “Udalerriko hegazti habiagileen atlasa” egiteko. Atlas hori Gasteizko hegazti-faunaren erradiografia bat izango da, datozen 3 urteetan egingo dena. IGIko presidente Ana Oregik eta Aranzadiko idazkari nagusi Juan Agirrek sinatu dute akordioa.
Hegaztiak biodibertsitatearen funtsezko elementuak dira, bai eginkizun ekologikoaren aldetik, bai eta ingurumen-osasunaren adierazle gisa duten balioagatik. Izan ere, Europar Batasunak bi zuzentarauren bidez oinarritzen du natura-ondarearen babesaren zati bat, eta zuzentarau horietako bat berariaz hegaztiei buruzkoa da (Hegaztien Zuzentaraua). Zentzu horretan, hegaztiak eremu babestuak mugatzeko adierazle egokiak izan dira; hegaztien presentziak eragina du habitaten babesean eta natura-ingurunearen kudeaketan. Horregatik guztiagatik, “funtsezkoa da leku jakin batean zer hegazti-espezie dauden jakitea. Gauzak horrela, hegazti habiagileen atlasa tresna bikaina dira –eta izan dira– premia horri erantzuteko”, esan du Arizagak.
Laneko metodologia
Atlas hau egiteko, udalerria sakon eta zorrotz arakatuko da. Horretarako, egina dago dagoeneko errolda-protokolo bat, espazioa 1×1 km-ko laukitan banatuta. Ondoren, lauki bakoitzaren laginketari ekingo zaio, bertan dauden hegazti-espezie guztiak identifikatzeko.
Gasteizen laginduko diren 329 laukietatik % 50 inguru herritarrek erroldatuko dituzte, eta gainerakoak profesionalek. Lehenengo bi urteetan egingo den lan hori. Proiektu honen beste helburuetako bat herritarrak inplikatzea da. “Argitalpena egiteko, prestakuntza eskainiko diegu herritar interesatu guztiei, Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentroan (Ataria) hegaztien ezagutzan hasteko eskainiko diren ikastaro teoriko-praktikoen bitartez”, esan du Arizagak aurkezpen-ekitaldian.
Hegaztien bidez gure ingurumena ezagutu eta zaintzeko interesa piztu dakieke herritarrei. Testuinguru horretan ere, hegaztiak gozamen- eta aisialdi-gai bihurtzen dira: gero eta gehiago zabaltzen ari da hegaztien behaketa, gero eta jende gehiago aritzen da horretan aisialdian.