Arabako Foru Aldundiak Salburuko hezegunea kudeatzeko eta onik zaintzeko neurri sorta bat aurkeztu du
Salburuko Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) urriaren 13an onartu zuen Aldundiak. KBEak ingurumenaren ikuspuntutik bioaniztasuna kontserbatzeko interes handia duten guneak dira, eta Europar Batasuneko estatu kideek izendatzen dituzte Natura 2000 Sarean integratuak izan daitezen.
Proposatzen diren ekintzen artean, nabarmentzekoa da Arkautiko eta Elorriagako isurketak Gasteizko estolderia sarearekin lotzea, horren barruan Ertzaintzaren Akademiako araztegia eta hurbileko abeletxea eta gasolindegia hartuta.
Bestalde, hegazti asko hiltzen diren kasu posibleak -hala nola 2014an gertatutakoa, lehenengo botulismo agerraldiarekin- goiz antzemateko sistema bat ezarriko da.
Horrez gain, Salburuko KBEren eta babespeko beste eremu batzuen arteko lotura ekologikoa bultzatzeko asmoa dago. Horrela, Salburuko hezeguneak Zadorra, Errekabarri eta Dulantzi ibaiekin lotzea lortuko litzateke.
Guztira 50 neurri aplikatuko dira hezegunean.
> Informazio gehiago Aldundiaren webgunean