eues

Albistea

Aplikazio informatiko batek hirian bizikletaz egin daitezkeen biderik seguruenak kalkulatzea ahalbidetzen du

Ekimen hau mugikortasun iraunkorragoaren alde Vitoria-Gasteizko Udala egiten ari den ekimenen baitan kokaturik dago, hain zuzen oraindik idazketa fasean dagoen Bizikleta Mugikortasunaren Gida Planak proposatzen dituen gidalerroen testuinguruan.

Ziklobideen aplikazioa diseinatzerako orduan, bizikleta hirian erabiltzeko behar den informazioa ahalik eta egokien eskaintzea bilatu da.

Aplikazioan sartutako datuak -bidegorriak, aparkalekuak, etab.- 2010eko otsailekoak dira. Kontuan izan behar da aplikazioa oraindik probatan dagoela, eta edukien kalitatean arreta berezia jarri den arren, zenbait kasutan gerta daiteke kontsulten emaitza oraindik guztiz zuzena ez izatea eta informazio osatugabea edo zehaztasun gutxikoa ematea.

Ibilbidea oso erraz planifikatzen da: hasierako puntu bat eta helmuga bat hautatzen dira, bai posta helbide bat sartuz bai aurretiaz definiturik ageri diren interesdun puntuetako bat hautatuz, eta aplikazioak bidea kalkulatzen du. Posible da biderik seguruena edo biderik azkarrena aukeratzea. Lehen kasuan aplikazioak ahalik eta bidegorri gehien erabiliko ditu ibilbidea diseinatzeko, eta bigarren kasuan ibilbide ez hain segurua eskainiko du eta bidegorririk ez daukaten kaleen zati gehiago erakutsiko ditu.

Sistemak hiriko kaleen mapa baten gainean erakusten du ibilbidea. Mapan, gainera, txirrindularientzako interesgarria den informazio gehiago erakusteko aukera ematen da, hala nola bizikleta maileguko puntuak, bizikleta aparkatzeko puntuak eta interesdun tokiak.

Informazio erantsi gisa, aplikazioak ibilbidean zehar egingo den distantzia eta gutxi gora-beherako denbora adierazten du, bai eta autoan ez ibiltzeagatik atmosferara igortzen ez den CO2 kantitatea eta bidean zehar erretako kaloriak ere.

Bidea tartetan zatituta erakusten da, eta tarte bakoitzean bere segurtasun maila adierazten da koloreen bidez. Automobilen GPS sistemek eskaintzen dituzten nabigazio xehetasunen parekoak ematen dira, erabiltzaileak jakin dezan zein kaletatik joan behar duen eta eskuinera edo ezkerrera non biratu behar duen. Tarte bakoitzerako mapa xeheago bat eskaintzen da, bidea hobeto ikus dadin.

Tresna honi esker, Udalak ezagutu ahal izango ditu txirrindulariek aukeratzen dituzten jatorri eta helmuga ohikoenak. Horrela, bizikletaren erabilera sustatzeko etorkizunean egin daitezkeen ekintzak hobeto planifikatu ahal izango dira, eta aldi berean zirkulazioaren gabeziak eta puntu beltzak diagnostikatu eta konpondu ahal izango dira. Webgune hau Bizikleta Mugikortasuneko Gida Planean aurreikusi diren ekintzen arteko bat da, hirian zehar egiten diren joan-etorrietan motorrik gabeko ibilgailu hau lehen aukera izan dadin lortzeko Udala egiten ari den ahaleginen artean bat gehiago.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala