Apirilaren 18an Koroatze auzoa eraberrituko duen SmartEnCity proiektuari buruzko informazio jardunaldi irekia egingo da Europa biltzar etxean
Apirilaren 18an SmartEnCity proiektuari buruzko informazio jardunaldia egingo da Europa biltzar etxean, interesa duten guztientzat. Ekimenak Koroatze auzoa eraberrituko du, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko xedez, energia-eraginkortasuna, mugikortasun iraunkorra eta informazioaren teknologien erabilera hobetzeko ekintzen bidez. Gaur bilera egin dute Gasteizko Udaleko ordezkariek, Visesak -Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa, Europak proiektuaren buru izateko izendatutakoa- eta Errota Zaharra auzo elkarteak.
Apirilaren 18ko informazio jardunaldia goizez eta arratsaldez egingo da, interesa duen edonork joaterik izan dezan. Erakundeetako ordezkariek eta udaleko, Visesako eta partzuergoa osatzen duten gainerako bazkide pribatuetako teknikariek informazioa eman eta zalantzak argituko dituzte. Gainera, aurreko astean beste bi bilera egingo dira: batetik, Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren kontseiluak saio monografikoa egingo du, talde politikoei proiektuaren aurrerapenaren berri emateko; bestetik, bilera egingo da Koroatzearen auzoko talde eta elkarteekin, proiektuaren garapena azaltzeko. Hala Visesak nola Gasteizko Udalak herritarrei proiektua zehazten parte hartzeko aukera eman nahi diete, Europako Batzordearekiko akordioak ahalbidetzen duen neurrian. Lan teknikoa erritmo onean doa, eta erakundeen arteko koordinazioa erabatekoa da, funtsezkoa baita SmartEnCity proiektua onik gauzatzeko.
Arabako hiriburuak ia hamaika milioi euro jasoko ditu Koroatzearen ingurua eraberritzeko. Europako Batzordeak abenduan akordioa sinatuko zela eta laguntzak emango zituela egiaztatu zuenetik, partzuergoak aurrerapausoak eman ditu bai aurreikusitako ekintzen diseinuan bai auzokoekiko komunikazio ekintzetan. Visesak -Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa, Europak proiektuaren buru izateko izendatutakoa- dagoeneko banatu du liburuxka bat eragindako etxebizitzetako postontzietan. Gasteizko Udalak, berriz, atal berezi bat sortu du udalaren web-orrian, Koroatzearen ingururako aurreikusitako jarduera integratuari buruz informatzeko.
Hauek dira proiektuaren toki-bazkideak: Visesa-Eusko Jaurlaritza, Gasteizko Udala, Tecnalia, Mondragón Taldea, Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Fagor Ederlan, Etxetresna Elektrikoen Euskadiko Kluster Taldea, ETIC Smart Cities Innovation Center, MCCTelecom, Acciona Azpiegiturak, Giroa, Cartif, eta Estudios Gis. Errota Zaharra auzo elkartea lankide da.
Finantzazioari dagokionez, SmartEnCity proiektuak 75.500.000 euroko aurrekontua du guztira (hiru hiriak barne: Gasteiz, Tartu eta Sonderborg). Europako Batzordearen guztizko diru-laguntza 27.800.000 eurokoa da. Gasteizko proiekturako aurrekontua 29.500.000 eurokoa da eta Bruselatik 10.880.000 euroko diru-laguntza jasoko da.