Antzara hankagorriztak Salburuan izan ditu kumeak lehen aldiz
2012. urteko kumetze sasoia hasi berria da, eta dagoeneko lehen ezustea eman digu: antzara hankagorriztaren bikote batek kumeak Salburuan izatea erabaki du, hain zuzen Arkautiko urmaelean, eta beren txitoak jaio berritan daude. Iberiar penintsulan arrunta den anatidoa da antzara hau, baina Europako iparraldean eta ekialdean egiten du habia normalean. Inoiz Doñana edo Villafafila (Zamora, Espainia) bezalako hezeguneetan egin du habia. Euskadiko Autonomia Erkidegoan kumeak dituen lehen aldia da hau, albiste pozgarria inondik ere, gertaeraren bitxitasunagatik eta bakantasunagatik gure esparru geografikoan. Hegazti ikusgarri hauek Eraztun Berdean txitoak edukitzea erabaki badute, seguru asko Salburuak duen giro aniztasuna eta gunearen lasaitasuna faktore erabakiorrak izan dira horretarako.
Izatez, Salburuko hezeguneak dira, Zadorrako urtegien sistemarekin batera, EAEko gunerik garrantzitsuenak hegazti akuatikoen ugalketarako. Esaterako, 2001. urtean 17 espezieko 300 bikote inguru ugaldu ziren Salburuan, besteak beste ahateak, zangaluzeak edo ingurune hauetako hegazti harrapariak. Hezeguneetan espezializaturik dagoen zingira-mirotza, edo Salburuan eskualde mailako kumetze gune erregular bakanetakoa duen amiltxori txikia, bertan bizi dira. Espezie berezi hauei antzara hankagorrizta gehitu zaie aurten, espero dezagun datozen urteetan ere gure auzoan kumeak egitea.
Argazkia: Arkaitz San José