eues

Albistea

Amaitu dugu IRRIGESTLIFE proiektua, Gasteizko lorategietako ureztatze sistema adimentsua sortzeko erabili dena

Loreak bustita

IRRIGESTLIFE (LIFE11 ENV/ES/615) proiektua irailaren 2012an jarri zen abian, eta GestDropper izeneko ureztatze sistema adimentsua garatu du proba eremu gisa Gasteiz hiria erabiliz. GestDropperrek hiri osoan barrena barreiaturik dauden sentsoreen eta estazio meteorologikoen datuak erabiltzen ditu belardiei automatikoki ematen zaien ur bolumena optimizatzeko. Sistemak 3 osagai nagusi ditu: estazio meteorologikoak (tenperatura, haizea eta prezipitazioa neurtzen dute), uraren pasaera kontrolatzen duten elektrobalbulak (emaria eta kontsumo elektrikoa neurtzeko ere sentsoreak dituztenak) eta programatzaileak, alegia, beste osagai guztiek ematen duten informazioa integratu eta automatikoki ureztatzea erabakitzen duten ordenagailu txikiak. Sistema udalaren GISarekin komunikatzen da, prozesu osoa monitorizatu eta, nahi izanez gero, eskuz doitzeko. Horrela, GestDropperrek tokiko baldintza meteorologikoetara moldatzen du ureztatzea (esaterako, euria ari duenean ez du ureztatzen) eta denbora errealean erantzuten du sisteman ihesak edo akatsak daudenean.

Ureztatze programatzaileen lau prototipo sortu dira: dekodetzailea, kable anitzekoa, autonomoa eta mistoa. 2014an zehar 100 programatzaile instalatu ziren guztira 1.160.000 metro koadro berdegune ureztatzeko, alegia, hirian ureztatze automatikoa duen azalera osoaren erdia inguru. Programatzaileen erdia (46) eguzki panelen bidez eskuratzen dute energia (autonomoak dira), horrela hiriaren ureztatze sistemaren jasangarritasuna handitzen lagunduz. Horrez gain, 2014an lorategi eta parke bakoitzeko behar hidrikoen ezaugarriak zehazteko azterlana egin zen, egunero programatu behar zen ur bolumena doitzeko.

Emaitzak

Uraren aurrezte esanguratsua behatu da, % 32 ingurukoa, aurreko urteekin alderatuta. Aurrezpena kalkulatzeko, lehenago jarraitzen zen kudeaketa modua hartu da kontuan. Lehen ureztatze bolumena ez zegoen optimizatuta gune bakoitzeko behar hidrikoetara, eta sistema ez zen gai tokiko baldintza meteorologikoetara moldatzeko (ureztatzearen programazioa eta bolumena konstanteak ziren).

Hortaz, GestDropper instalatu ondoren, 419 l/m² gastatzetik 285 l/m² gastatzera igaro gara 2015eko ureztatze sasoian. Horri erantsi behar zaio alferreko ur gastuak ere saihesten direla orain ihesak gertatzen direnean erantzuna berehalakoa delako. Horrela, benetan adimentsua den kudeaketak ureztatze eraginkorragoa sortu du.

Proiektuaren azken lanak

Proiektua 2015eko abenduan amaitu bazen ere, LIFE programak zehazten duen bezala 2016-2020 tartean egingo diren komunikazio lanak zehaztu dira plan batean, proiektuaren emaitzak jendearen artean eta nazioartean zabaltzeko. 18.056 euroko inbertsioa aurreikusi da urte horietarako, proiektuaren bazkide guztien artean ordainduko dena. Hor sartzen dira proiektuaren webgunearen mantenimendua, albisteak eta artikuluak argitaratzea eta azoka eta biltzarretan parte hartzea, besteak beste.

Azkenik, proiektuaren emaitza nagusiak, ikasitako gauzak eta lanak beste toki batzuetan ere aplikatu ahal izateko gomendio zenbait laburbiltzen dituen Layman txostena argitaratu dugu.

Layman txostena (en, eu, es)

After-LIFE komunikazio plana (en)

Proiektuaren bloga (en, es)

Proiektuak Europar Batasunaren LIFE programaren diru laguntza izan du. Bazkideok honako hauek izan gara: Perica Obras y Servicios (proiektuaren liderra eta prototipoen garatzaile nagusia), Estudios GIS, Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Gasteizko Udaleko Ingurumen eta Espazio Publikoko Saila, Prysma Calidad y Medio Ambiente eta, kanpoko laguntza gisa, Ad Hoc Desarrollo Sostenible.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala