eues

Albistea

Amaitu da Salburuko hezegunean zenbait espezie mehatxatu babesteko proiektu bat

Gasteizko Udalaren Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atalak zenbait jarduera garatu ditu (Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin), Salburuko hezeguneko dibertsitate biologikoa babesteko, eta bertako flora eta fauna mehatxatuaren egoera hobetzeko. Jarduera horien artean apoarmatu korrontezalea eta bisoi europarra babestekoak nabarmentzen dira.

Salburuko hezegunea da apoarmatu korrontezalearen populazioa nagusia Euskal Herrian , bai eta espeziea ugaltzen den leku bakarra ere. Espezieak dituen mehatxuen artean, apoarmatu exotikoak daude, maskota gisa erosi, eta gero ardurarik gabe inguru naturalean askatzen direnak. 2013tik aurrera espezie inbaditzaileetako aleak harrapatzeko eta espezie autoktonoaren jarraipena egiteko kanpainak burutu dira. 2019 eta 2020 urteetan espezie exotikoetako 6 ale harrapatu dira, eta 50 apoarmatu korrontezale identifikatu dira, horietatik 15 ale berriak.

Apoarmatu korrontezalea

Bisoi europarra munduan mehatxatuen dagoen haragijale txikia da. Salburuan eta inguruetan populazioa garrantzitsua dago. Bisoi europarraren mehatxu nagusia bisoi amerikarra da, espezie exotiko inbaditzailea, zein ingurutik desagerraraztea lortu baita. Alabaina, bisoi europarraren populazio urria ez zen bere kasa hazteko gauza; horrenbestez, itxian hazitako aleak eraman ziren bertara. 2020an 10 ale askatu dira, eta horietatik 7k aurrera egin dute unerik larrienean, hain zuzen ere askatu osteko lehen asteei. Datozen urteetan ere jarraituko dugu jarduera horiekin, harik eta inguruan populazio egonkor eta buruaskia sendotzen den arte.

´Bisoi europarraren kumeak

Beste jarduera batzuk

2014an hegazti-botulismoaren agerraldi bat izan zen Salburuan; gaixotasun larria da, eta orduko hartan ia 800 hegazti garbitu zituen. Agerraldia kontrolatu ondoren zenbait neurri berri abiarazi ziren, gehiago gerta ez zedin. Besteak beste, udan astero aintziren barrualdea ikuskatzen hasi zen, hartara ale hilik ba ote zen ikusteko, eta gaitzaren kutsadura saihesteko. Neurri horiei esker, azken urteetan ez da berriro hegazti-botulismoaren agerraldi nabarmenik gertatu.

Olarizuko Lorategi Botanikoko Landareen Germoplasma-Bankuak flora mehatxatuko eta interes handiko espezietako haziak bildu ditu, epe luzera kontserbatzeko, eta espezie horien ernatze eta landatze protokoloak definitu ditu.

Galium boreale

Salburuko belardi-ihidietan animalia belarjalerik gabeko hiru partzela sortu dira, eta horietan Galium boreale eta Senecio carpetanus landareak sartu dira. Biak ala biak babestuta daude EAEn, «Espezie kaltebera» eta «Desagertzeko zorian» kategorietan sailkatuta, hurrenez hurren. Belardi/ihidien desagerpena da aurrean duten mehatxu nagusia; izan ere, antzina belardi hezeek eremu handiagoak hartzen zituzten Arabako Lautadan eta beste inguru batzuetan. Salburuak ongi kontserbatutako belardi/ihidi zabalak ditu, bi espezie horien populazio bideragarriak hartu ditzaketenak, ez daitezen desager.

Nenufarra

Duela apenas 40 urte, nenufar zuria (Nymphaea alba) Arabako erreka eta hezegune gehienetan hazten zen, baita Gasteizen ere, Zadorra ibaian. Araban (eta EAEn) herri bakar batean iraun du landareak, eta bertan hartutako haziekin 18 landare landatu dira hiru gunetan, hartara espeziea Salburuko aintziretan ere berreskuratzeko.

Berula erecta

Berula erecta espezieko 50 landare biltzen dituzten hiru gune sortu dira Salburuko ubide eta hezeguneetan. EAEko zituen azken hiru populazioak Araban daude, horietako bat Gasteizen.

Bi landare espezie horiek ur-ingurunetan hazten dira, eta gaur egun “desagertzeko zorian” sailkapenean daude. Ubideen eta hezeguneen eraldaketa eta kutsadura dituzte mehatxu nagusi. Salburuan, bi habitat horiek landareok sartzen saiatzeko beharrezko baldintzak dituzte; hartara, bi espezieak autonomia-erkidego osoan berreskuratzea lortu nahi da.

Historia apur bat

XIX. mendean aldaketa sakonak egin ziren Salburuko inguruetan, nekazaritzarako baliatzeko asmoz; 1994an hasi zituen Gasteizko Udalak hezegunea lehengo egoerara eraman eta berreskuratzeko lanak. Ingurunearen natura-balioa nabarmen handitu da aintzira-sistema berreskuratu eta bertako habitat bereziak leheneratu zirenetik, eta, ildo beretik, flora eta faunaren aberastasuna eta dibertsitatea areagotu egin dira. Gaur egun, interes handiko espezieen komunitateak hartzen ditu, horien artean desagertzeko zorian dauden batzuk.

Ondorioz, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) izendatu zuten, eta, gainera, nazioarteko garrantzia duten hezeguneen RAMSAR zerrendan sartu zuten.

> Liburuxka dibulgatiboa

> Proiektuaren oroit-idazkia (gaztelaniaz)

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala