Amaitu da Naviki proiektua
Naviki Münsterreko Zientzia Aplikatuen Unibertsitateak garatutako web plataforma bat da. Europa osoko txirrindulariek bizikletaz egiten dituzten ibilbideak partekatu ahal dituzte bertan, eta bizikletentzako bereziki pentsatutako bideratzaile bat erabiliz txirrindulariok bizikletentzako egokienak diren bideak kalkula ditzakegu. Bideratzaile horrek Europa mailan funtzionatzen du (mugak kontuan izan gabe), eta noski, baita Gasteizen ere.
2014ko otsailean amaiera eman zitzaion 2011ko irailean hasitako proiektu horri. Azken helburua Europako hirietan bizikletaren erabilera sustatzea izan zen, eta bizikletaren bidez, atmosferara igorritako kutsatzaile kopurua eta energia kontsumoa murriztea.
Gure hiriak hainbat onura jaso zituen proiektuan parte hartuz, hala nola:
- Naviki webgune pertsonalizatu bat, Vitoria-Gasteizi buruzko informazio espezifikoa eskaintzen duena.
- Hiriko bizikleta bideen plano baten prestaketa eta difusioa.
- Bizikletaren Astearen barruko jarduerak eta, oro har, bizikletaren sustapenari lotutako jarduerak, antolatzeko laguntza: lehiaketak, lantegiak, etab.
- Txirrindulariek hiriko kaleak nola erabiltzen dituzten erakusten duten mapen sorrera.
Vitoria-Gasteizek 79.657 euro jaso zituen, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bidez, proiektu hau garatzeko.